Heba Nuseibeh, Mayson Qawasme eta Ohaila Shomar emakumeen elkarte palestinarretako ordezkariak Ondarroan izan ziren joan den asteko barikuan [otsailak 17]. Eurek bizi duten errealitatea kontatzeaz gain, Ondarroako talde feminista ezberdinen funtzionamendua bai eta Etxelilarena ere bertatik bertara ezagutu ahal izan zituzten. Ondarroako Udalak jakitera eman duenez, Etxelilan eskaini zuten hitzaldira nahikoa jende gerturatu zen, eta galderak egiterakoan, herritarrek interes handia erakutsi zuten.
Herrira heldu bezain pronto, Ondarroa ezagutzeko ibilalditxoa egin zuten hiru emakumeek. Eta bazkalostean Etxelilara joan ziren. «Etxelilan dauden gela guztien funtzionamendua azaldu zieten, eta herriko talde feministetako kideek eurek egiten dutenaren berri eman zieten». Azaldu dutenez, hiru emakumeeek bisitatu izan dituzten munduko herri desberdinetan gabezi berdinak atzeman dituzte. Eta horietako bat da hain zuzen ere gauzak egiteko aurrekontu falta. «Dena dela, emakumeek gabezi horri aurre egin eta modu batera edo bestera antolatzeko eduki duten ahalmena azpimarratu zuten».
Gonbidatuen kontakizunak. Etxelila eta herriko taldeak ondo ezagutu ostean, hitzaldia eskaini zuten, areto bete jenderen aurrean. Horretan, hiru gonbidatuek euren taldeetan nola funtzionatzen duten azaldu zuten; bakoitza talde bateko kidea da.
Emakume palestinarrak eta Ondarroako talde feministetako kideak, Etxelila ezagutzen. Argazkia: Ondarroako Udala.
Shomar, esaterako, SAWA Jerusalemen sortutako irabazi asmorik gabeko elkarte feminista eta laikoko zuzendaria da; euren helburuak dira mota guztietako indarkeriaren aurka borrokatzea eta bakearen kultura sustatzeko lan egitea. Qawasme, bestalde, Hebron WAFA Palestinako albiste agentziaren ordezkaria da; emakumeei formakuntza emateaz arduratzen den Woman Active Society of Hebron elkarteko zuzendaria ere bada.
Azkenik, Nuseibeh Women’s Center for Legal Aid and Counselling aholkularitza eta emakumeak babesteko zerbitzuak eskaintzen dituen elkarteko kidea da.
Herritarren galderak. Hiru gonbidatuek berbaldi amaitu eta gero, herritarrek galderak egiteko aprobetxatu zuten. «Galderak egiteko tartea zabaldu zenean, herritarrek interes handia erakutsi zuten eta galdera asko egin zituzten».
Galderak egiteko tarte horretan, herritarrek esan zieten Etxelilan ikuspuntu ezberdina duten herritarrak batzen direla, eta gai ezberdinen inguruan asko eztabaidatzen dutela.
Palestinarrei galdetu zieten baita ere, zergatik ez zuten Israelgo emakumeekin eskuz esku lan egiten.
Oro har, herritarrek Palestinan bizi duten errealitatea ezagutzeko interes handia erakutsi zutela esan dute udal ordezkariak.
Emakume palestinarren hitzaldia. Argazkia: Ondarroako Udala.
Palestinarrak, baina, ez ziren Ondarroara esku hutsik heldu, ezta joan ere. «Hiru gonbidatuek Palestinako koloreekin egindako pultserak oparitu zituzten, eta Etxelilak ere orain arte egindako ikerketetako liburuxkak eta eskulan bana oparitu zizkieten».