Lea Artibai Ikastetxean dauden Txileko ikasleek antolatutako Txileko kulturaren erakustaldian murgildu ziren atzo [otsailak 19], markina-xemeindar asko. 12:00etan eman zioten hasiera jaialdiari eta arratsaldera arte musika, dantzak eta Txileko sukaldaritza dastatzeko aukera eskaini zuten Plazabarripean.
Txilen ohikoak diren empanada eta lukainkagaz gainera, bildotsa ere prestatu zuten burduntzian. Janagaz gain euren herrialdeko edana ere eskaini zieten bertaratutakoei, Txileko ardoak, besteak beste.
Chile Lindo taldea dantzan frontoi txikian.
Txileko giroan ondo sartzeko, gainera, Bilbon bizi diren txiletarrez osatutako Chile Lindo dantza taldearen erakustaldia ere egon zen. Frontoi txikian egin zuten dantza taldeko emakume eta gizonezkoek.
4. urtez Markina-Xemeinen. Txileko Hezkuntza Ministerioaren eta Tknika institutuaren arteko elkarlanari esker, eta Eusko Jaurlaritzako Sailburuordetzak sustatutako Txileko Pasantia programaren barruan hegoamerikako 49 ikasle daude ikasturte honetan Markina-Xemeinen eskaintzen ari den Formazio Aditua jasotzen. Hori dela eta, Lea Artibai Ikastetxeko ordezkariak ere egon ziren erakustaldian, Isabel Mendiguren Lea Artibai Ikastetxeko zuzendaria besteak beste.