Batel eta traineru estropadak dituzte asteburu honetan Isuntzak eta Ondarroak
Hitzordu bi izango dituzte zapatuan [otsailak 25], Lea-Artibaiko arraun taldeek. Alde batetik, Bizkaiko Batelen Ligako hirugarren estropada jokatuko da Sestaoko Benediktako Dartsenan, 15:00etan, eta bestetik, Hondarribiko 17. Traineru Jaitsiera izango dute, 16:00etan.
Parte hartzeari dagokionez, Bizkaiko ia talde gehienak egongo dira Bizkaiko Batel Ligako 3. Estropadan, besteak beste, Zierbana, Santurtzi, Portugalete, Raspas, Kaiku, Deusto, Lutxana, Arkote, Bermeo, Mundaka, Elantxobe, Ondarroa eta Lekeitio. Guztira, 96 batelek parte hartuko dute, 9 maila ezberdinetan banatuta.
Denetara Ondarroako sei batelek parte hartuko dute batel txapelketan: alebin mailako nesken bi batelek, kadete mailako nesken bik eta mutilen batek eta gazte mailako mutilen batel batek.
Lekeitioko Isuntzari dagokionez, zazpi batel eramango dituzte Sestaora: alebin nesken bi eta mutilen bat, txikien mailako mutilen hiru batel eta kadete mailako mutilen bat.
Traineruen jaitsiera. Hondarrabin ere egongo dira Lea-Artibaiko talde biak. Isuntzako mutilen traineru bi aterako dira Hondarribiko uretara eta Ondarroako bat. Horiez gain, Lea-Artibaiko nesken traineruak ere hartuko du parte neguko prestaketako proban. Ondarroa eta Lekeitioko arraunlariekin osatu duten nesken taldearentzat neguko bigarren estropada izango da Hondarribin jokatuko dutena. Lea-Artibaiko neskek, Orion egin zuten estreinaldia traineru bigaz. Oraingoan, berriz, bakarra aurkeztuko dute.