Mutrikuarren ekarpena tarteko, 7.886 kilo elikagai bildu dituzte Debagoienean
Piztu itxaropena izenburupean, Sahararen aldeko 13. Euskal Karabanaren elikagai bilketa egin dute Debagoienean. Eta kanpaina horrekin bat egin du, besteak beste, Mutrikuko Udalak; udalak 1.000 euroko diru laguntza eman du. “Eskertzekoa da ekarpena. Diru hori kudeaketa gastuei aurre egiteko eta bildutako materiala Donostiara eramateko garraio gastuetara bideratuko dugu”, azaldu dute. Oro har, 7.886,70 elikagai eta pixoihal zein konpresa bildu dituzte.
“Lortutako emaitza izugarri positiboa da, alde guztietatik”. Azaldu dutenez, kanpainarekin bat egin duten erakunde publiko, gizarte erakunde eta norbanakoak asko izan dira. Horrez gain, jatorri askotako hainbat pertsonen eta boluntarioren laguntza ere eduki dutela azaldu dute kanpainaren bultzatzaileek.
Antzuolan, esaterako, tona erdi janari biltzea lortu dute Anelkar elkartekoek; Bergaran (Elgeta eta Soraluzeko bilkeltak batuta) 4.902 kilo; eta Arrasaten (Aretxabaleta, Mutriku eta OƱatiko bilketak barne) 2.495,5 kilo.
Erantzuna ona izan dela eta, kanpaina bultzatu duten Saharaldebak, Bubisher eta Anelkar elkarteetako ordezkariek eskerrak eman nahi izan dituzte. “Eskerrak, bereziki, gero eta gehiago diren boluntarioei”. Udaletxeei ere eskerrak eman nahi izan dizkiete. “Batez ere Arrasate, Antzuola, Aretxabaleta, Eskoriatza eta Mutrikukoei”. Esker oneko berbak eduki dituzte baita ere ikastetxeentzako eta oro har, herritar guztientzako. “Eskerrik beroenak guztiei gure izenean eta saharar herriaren izenean”.