Elantxobeko Udala herriko garapen sozioekonomikoa suspertzeko lanean ari da
Azken osoko bilkuran, zenbait proiekturi buruzko erabakiak hartu dituzte, herriko garapenaren alde egitea helburu hartuta. Dinamizazio turistikoaren alde dagoela erakutsi nahi du udalakElantxobeko Udalak herriko garapen sozioekonomikoa suspertzeko lane...
Azken osoko bilkuran, zenbait proiekturi buruzko erabakiak hartu dituzte, herriko garapenaren alde egitea helburu hartuta. Dinamizazio turistikoaren alde dagoela erakutsi nahi du udalak
Elantxobeko Udalak herriko garapen sozioekonomikoa suspertzeko lanean aurrerapausoak eman ditu. Izan ere, azken osoko bilkuran, aurretik zehaztuta zituzten zenbait proiekturi buruzko erabakiak hartu dituzte.Abenduaren 2ko osoko bilkuran Talaia 4 kaleko eraikina bi solairu dituena turismorako erabiltzea erabaki zuten. Zehatz esateko, turistentzako etxebizitzak alokatzen dituzten enpresaren bati alokatzea adostu zuten. Joan den barikuan, hilaren 17an, berriz, aurkeztu den enpresa baten proposamena onartu zuten osoko bilkuran. Halaber, hilean etxebizitzako 220 euroko alokairua zehaztu zuten.
Talaia kaleko eraikinak sei urte daramatza hutsik, eta alokairura bideratu aurretik, etxebizitzak zaharberritu eta konponduko dituzte. Konponketa lanak onartu dituzte hilabete honetako osoko bilkuran. Udalak eta eraikina alokatzen duen enpresak erdibana ordainduko dituzte lanak (udalak ez du ordainduko, alokairutik kenduko du- te), eta horiek burutzeko lau hilabeteko epea zehaztu dute.
Proiektu horregaz «noiz-behinkako kalitatezko turismoa» bultzatu gura du udalak, eta azaldu duenez, aldundiaren diru laguntza jasoko du: «Gure herriko garapenaren alde egiteko aurrera egitea da helburua. Elantxobek dinamizazio turistikoaren alde doala erakutsi behar du, eta horretan inbertitzeko gai dela. Horretan, Bizkaiko Foru Aldundiaren eskutik goaz. Adi gaude diru laguntzen dekretuei, eta ematen dizkiguten diru languntzen bitartez babestuta sentitzen gara».
Era berean, Talaiako Begiratokia konpontzea ere onartu dute. Bertako umeen parkea zein sarbideak egokitu eta hiri-altzariak eraberritu edo aldatuko dituzte, eta, horregaz batera, askarirako gune bat egingo dute. Eskaintzen duen ikuspegi ederragatik, elantxobetarrentzat zein bisitarientzat aisialdiko «erreferentziazko gunea» izatea gura dute.
Gainera, antzina baleak begiztatzeko lekua izan zen, eta udalaren asmoa da Bale Talaiak proiektuaren parte izatea; alegia, talaiak eta haien eginkizunak ezagutara eman, eta ibilbide politak proposatzen dituen Euskal Herri mailako proiektuagaz bat egin nahi du.
Kiroldegiko 2. fasea
Bestalde, kirol jarduera suspertzeko bigarren fasea onartu zuten azken osoko bilkuran. Fase horretan, kirol ekipamendua jarriko dute, eta 53.759,72 euro bideratuko ditu Elantxobeko Udalak horretara. Eusko Jaurlaritzaren Ekonomia Garapenerako eta Azpiegituretarako Sailagaz kudeatu du diru laguntza.
Lehenengo fasean udal kiroldegia egokitzeko lanak burutu zituen udalak. Eraikina bi gunetan banatu dute, bata udal kiroldegia izango da, eta bestea herriko kirol elkarteen gunea.
Bestalde, udalarena den Makues Erretegiaren zerbitzuaren kudeaketa integrala esleitzeko baldintzak eta 2017ko Ibilgailuen Gaineko Zerga onartu zituzten; azken horretan, aurreko urteetako prezio berak mantenduko dituzte.