Musikagaz gozatzeko arratsaldea eduki zuten joan den barikuan [otsailak 24] Gizaburuagan. Izan ere, musika eskolako ikasleek saioa eskaini zuten. Ohiko emanaldiekin alderatuta, baina, barikuko saioak berritasunik ere eduki zuen: erabilera anitzeko gela estreinatu zuten.
Iragarrita zegoen moduan, musika emanaldia 18:00ak puntuan hasi zela jakitera eman dute musika eskolako arduradunek. «Kalejira txiki bat eginez, txistulariek erabilera anitzeko gelara arteko bidea egin zuten, eta behin herritarrak han zeudela, ekitaldiari hasiera eman genion».
Aretoa bete egin zela esan dute. «Aulki gehiago eraman behar izan genituen». Gutxi gorabehera, 60 herritar inguru batu ziren musika eskolako ikasleen emanaldia ikusteko.
Orain arte, musika eskolako ikasleek elizan eskaini izan dituzte saioak. «Baina saioa erabilera anitzeko gelan izatea zoragarria izan zen. Aretoak oso akustika ona dauka, eta primeran atera zen saioa».
Publikoa gustura egon zela eta ikasleak eurak ere gustura aritu zirela gaineratu dute. «Epeltasunean eta akustika onagaz, herritarrek eta musikariek gozatu egin zuten saioagaz»; ikasleek ere aretoaren akustika ona nabaritu zutela gaineratu dute.
Ordubete baino gehiago iraun zuen musika emanaldiak. Tarte horretan, askotariko instrumentuak entzun ahal izan zituzten herritarrek: pianoa, biolina, flauta, gitarra eta txistua, esaterako.
Ekitaldiaren balorazio ona egiteaz gain, datozen musika emanaldiak ere areto horretan egingo dituztela aurreratu dute musika eskolako kideek.