1976an Gasteizen
hildako langileak omentzeko ekitaldia egingo dute barikuan [martxoak 3], 20:00etan, Lekeitioko Eskolapean. “Egun horrek esangura berezia dauka Euskal Herriaren historian, bai iraganian, baina bai etorkizunera begira be”, adierazi dute antolatzaileek.
“1976ko martxoaren 3an, Gasteizen, langileriak inoiz jasan duen erasorik latzena jasan zuen”, esan dute. Langileen eskubideen alde bi hilabete luzez greban egon ondoren, martxoaren 3an geldialdi orokorrerako deialdia egin zen. Geldialdiak ia hiriko langile guztien babesa jaso zuen, bai eta borrokan ziharduten enpresa eta elkartasunez babestu zuten beste batzuena ere, denda, zerbitzu, ikasle, etxekoandre eta hiri guztiarena, oro har.
Gasteizko hilketen gaineko pankarta. Argazkia: Wikipedia
Arratsaldeko 17:00etarako Zaramaga auzoko elizan informazio-bilera orokor bat egiteko deia egin zen, bertan biltzen ziren-eta grebalariak azken albisteen berri izateko. Zaramagako Asisko San Frantzisko elizaren barruan biltzarra egiten ari ziren milaka langileei gas negar-eragileak jaurti zizkieten poliziek, indarrez aterarazteko; eta, elizaren ate bakarretik irteten ziren eran, polizia kolpeka eta tiroka hasi zitzaien bereizketarik egin gabe, bai ihesi atera ziren pertsonen kontra, baita jendea infernu hartatik irten ahal izateko kanpotik poliziaren kontra ziharduten aurka ere.
Ehun lagundik gora zauritu zituzten, asko larriki gainera. Horietatik 5 bertan hil ziren. Geroago, hurrengo egunetako elkartasun eta protesta egunetan beste 3 langile hil zituztelarik, Tarragonan, Basaurin eta Erroman.
“Batzuetan, memoria aldarrikatzen dugu, gertatutakoa berriz ez gertatzeko, baina martxoaren 3an gertatutakoaren
memoria berreskuratu nahi dugu, gertatutakotik irakaspenak atera eta gaurko egunean aplikatzeko. Izan ere, gaur, 1976an bezala, gure herriak eta langileriak zapalkuntza gogorra bizitzen jarraitzen du”, azaldu dute.