Lore sorta oparituz eta aurreskua dantzatuz eman diote ongietorria Arantza Zuluetari gaur [martxoak 4] arratsaldean, Lekeition. Eskolapean izan ditu zain senide eta lagunak eta besarkada artean hartu dute abokatua. Lekeitiarrez gain, Lea-Artibai eta inguruko hainbat lagun batu dira Eskolapean, Zuluetari harrera egiteko.
Arantza Zulueta lorak hartzen Julen Atxurra ‘Pototo’-ren aitaren eskutik.
Bata eta bestea agurtuz ailegatu da Zulueta Sabino Arana hiribidetik Eskolapeko limoiondoetaraino, eta lagunen eta senideen omenaldia jaso du bertan. Lehenbizi, hunkituta, lore sorta hartu du Julen Atxurra Pototo preso politiko lekeitiarraren aitaren eskutik, eta ondoren, bertso batzuk eta aurreskua eskaini dizkiote. Ekitaldiagaz amaitzeko, argazkiak kentzera joan dira denak.