“
Nahi duzu Euskal Herri idependente bateko herritarra izan?“. Horixe izango da maiatzaren 7ko herri galdeketan mutrikuarrek erabaki ahalko dutena. “Galdera horri erantzuteko
herritarrek ‘bai’ edo ‘ez’ aukeratu beharko dute”, azaldu dute Mutrikuko Gure Esku Dago-ren kideek.
Zapatuko bileran parte hartu zuten herritarrak.
Mutrikuko Gure Esku Dago-k etxez etxe galdera erabakitzeko inkesta bat egin zuen. Eta herritarrek aukeraketa egin eta orriak hautetsontzian sartu zituzten. “Herritarrek egindako aukeraketa horretatik, bi galdera izan ziren gehien errepikatu zirenak”. Beraz, joan den asten bi bilera egin zituzten (eguenean eta zapatuan) eta galdera bakarra aukeratu zuten. “51 herritar elkartu ginen, eta galdera konkretu bat aukeratzeko hitzak eta kontzeptuak aztertu eta eztabaidatu genituen”. Euskal Herria zer den, euskal estatua, independentzia, burujabetza… Horiek guztiak argitu ostean, bileretan parte hartu zuten herritarrek bozkatu egin zuten, eta aipatu galdera izan zen boto gehien jaso zituena.
Galdera zehaztuta, erabakian parte hartzeko unea iritsi dela azpimarratu dute. “Maiatzaren 7an Mutrikun egongo ez direnei ere eskubide hori gauzatzeko aukera emango diegu”. Eta taldeko kideek esan dute, galdeketaren inguruan edozein zalatza edukiz gero, posta elektronikora idazteko (
gureeskudago.mutriku@gmail.com) edo Barrenkaleko lokalera gerturatzeko. “Erabakia gure esku dago!”.
Egueneko bileran parte hartu zuten herritarrak.