Asier Badiola
Indixu preso ondarrutarra bisitatzera joan dira gaur haren bi lagun, eta itzuleran eduki dute auto istripua, eguerdi partean. Ondarrutarra Picassent-eko kartzelan dago (Valentzia). Jakitera eman dutenez,
presoaren lagunak ondo daude, baina kolpea handia izan da. “Errepideko laguntza zerbitzuak ekarri ditu bueltan”.
Etxeratek salatu duenez, “gaurkoa dispertsio politikak eragiten duen
urteko hirugarren istripua izan da”. Halaber, istripua zirkulazio astuna izaten den tarten batean gertatu dela argitu du. “Atzetik zetorren autoak euskal presoaren lagunen autoa aurretik eraman du, eta azken horiek aurretik zihoan beste autoa jo dute”. Etxeratek azaldu duenez, presoaren lagunek kontusioak izan dituzte, eta, istripuaren ondorioz, ezin izan dute euren autoarekin bidaiatzen jarraitu.
“Gaurko gertaeragaz, 9ra igo da espetxera bidean edo bueltan istripua jasan duten euskal presoen senide eta lagunen kopurua”. Bide beretik, senideek dispertsio politika dela eta astebururo arrisku, kostu fisiko, psikiko eta ekonomikoei aurre egin behar izaten dietela gaineratu du. “Elkarteak gogorarazi nahi du desplazamendu behartuen egoerak 16 biktima eta 400 istriputik gorako balantze beldurgarria utzi duela, oraingoz.”
Ezohiko osoko bilkura, Ondarroan. Istripuaren harira, Ondarrroako Udalak ezohiko bilkura egingo du astelehenean [martxoak 13], 19:15ean. Horretan, “sakabanaketa politikaren ondorioz izandako istripua” salatzeko mozioa eztabaidatuko da. Ostean, 19:30ean, elkarretaratzea egingo da Alamedan,
Giza eskubideak, konponbidea, bakea. Euskal Presoak Euskal Herrira lelopean.
Elkarretaratzeak. Gertaera salatzeko, Etxeratek elkarretaratzeak deitu ditu astelehen eta martitzenerako Hego Euskal Herriko lau hiriburuetan:
- Bilbo: Martxoak 14, 19:00etan Arriaga antzokiaren aurrean. Bertan elkarteko bozeramaileek eta istripua jasandako biktimek adierazpenak egingo dituzte.
- Donostia: Martxoak 14, 19:00etan Bulebarrean, Udaletxe ondoan.
- Gasteiz: Martxoak 13, 19:00etan Andra Mari Zuriaren plazan.
- Iruñea: Martxoak 13, 20:00etan PPren egoitzaren aurrean.