Euskal Ligako lau txapel irabazi dituzte Lea-Artibai eta Mutrikuko pilotariek

Euskal Herriko Kluben arteko Txapelketako modalitate guztietako finalak jokatu dira asteburuan, eta horietatik lautan Lea-Artibai eta Mutrikuko pilotariak izan dira nagusi. Guztira, lau txapel lortu dituzte: esku pilotan bat eta zesta-puntan hiru. Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko gazteek, Markina-Xemeingo Zesta-Punta Eskolako nagusiek eta Mutrikuko Danok Bat zesta-punta eskolako kadete eta gazteek jantzi dituzte txapelak.
Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko arduraduna eta pilotariak Mungiako finalen ondoren. Argazkia: Euskal Pilota Federakuntza

Markina-Xemeingo Esku Pilota Taldeko arduraduna eta pilotariak Mungiako finalen ondoren. Argazkia: Euskal Pilota Federakuntza

Barikuan [martxoak 10] erabaki ziren lehenengo finalak Markina-Xemeinen. Uni frontoiak hartu zituen zesta-puntako kadete eta gazte mailako final biak irabazi zituzten Mutrikuko Danok Bat taldeko puntistek. Kadete mailan Zuhaitz Arrillaga eta Aratz Mendizabalek 23-30 irabazi zieten Euskal Jai Gernikako bikoteari. Gazte mailan, berriz, Ekaitz Mendizabalek eta Mikel Manzisidorrek 35-23 menderatu zuten Zumaiako bikotea. Zesta puntako bigarren hitzordua Zumaian izan zen atzo [martxoak 12]. EH Ligan Markina-Xemeingo Jon Meabebasterretxeak eta Mikel Elkorobarrutiak 35-21 irabazi zieten Noango bikoteari. Esku pilota. Mungian jokatu ziren, esku pilotako finalak. Jaialdi horretan bertan, gazte mailan, hain zuzen ere, nagusitu ziren Markinako Esku Pilota Taldeko Josu Agirreamalloa eta Aimar Ibarloza. Markina-Xemeingo taldeko bikoteak 16-22 irabazi zion Adiskideri.