Berriatuko Udalak antolatuta, aurten bigarrenez egingo da Ipuin eta Marrazki Lehiaketa. Eta horretan parte hartu nahi dutenek, apirilaren 1etik 21era arte aurkeztu beharko dituzte euren lanak, herriko liburutegian.
Aurreratu dutenez, gaia librea izango da, eta herritar bakoitzak nahi adina lan aurkeztu ahal ditu. Hori bai, modalitate bakoitzeko sari bakarra jaso ahal izango da.
Lanak aurkezteko modua. Aurkezten diren lan guztiak izenik gabe aurkeztu behar direla esan dute. “Jasotzerakoan zenbaki bat jarriko zaie, eta egilearen izen-abizenak hartuko dira”.
Sari banaketa San Gregorio jaien inguruan –maiatzean– egingo dela aurreratu dute. Hori bai, inor ez da esku hutsik geratuko. Izan ere,
parte hartzaile guztiek diploma bat jasoko dutela esan dute. “Horrez gain, lehiaketara aurkezten diren marrazki eta ipuin guztiak ikusgai jarri eta bilduma batean jasoko dira”.

Iazko lehiaketako irabazleak: Elaia Gogenola, Ane Orbea eta Uxue Mugartegi.
Epaimahaia udaleko ordezkariak, liburuzainak eta hiru herritarrek osatuko dutela argitu dute.
OINARRIAK (marrazki lehiaketa): Kategoria horretara aurkeztuko diren lanak Din A-3 tamainako edozein euskarritan aurkeztu behar dira. Teknika librea dela azaldu dute; edozein material erabili ahal da. Kategoria horretan 3 sari banatuko dituzte: 5-7 urte mailako onena (10 euroko erosketa txartela), 8-11 urte mailako onena (20 euroko erosketa txartela) eta 12-14 urte mailako onena (30 euroko erosketa txartela).
OINARRIAK (ipuin lehiaketa): Euskaraz (bizkaieraz edo batuaz) idatzita dauden lanak onartuko dira, eta horiek Din A-4 orrian aurkeztu behar dira, Times New Roman letra tipoagaz (letra tamaina 12, lerro arteko neurria 1,5). Honetan ere 3 sari banatuko dira: 8-12 tarteko onena (30 euroko erosketa txartela), 13-15 tartekoa (40 euroko txartela) eta 16 urtetik gorakoena (150 euro).
- Ipuinen luzera:
- 8-12 urte bitartekoak: gutxienez orri 1
- 13-15 urte bitartekoak: 2 orri gutxienez
- 16 urtetik gora: 3 orri gutxienez