Ongi Etorri Errefuxiatuak eta Lekeitioko Zinemazale Elkarteak elkarlanean antolatuta,
Io sto con la sposa dokumental italiar-palestinarra emango dute
eguenean [martxoak 16],
19:00etan Lekeitioko
Ikusgarri aretoan. Gabriele del Grande kazetari italiarrak eta Khaled Al Soliman Nassiry poeta siriar-palestinarrak egiazko abentura erreala dokumental bihurtu zuten Antonio Augugliaro errealizadoreak lagunduta. Dokumentalean bost errefuxiatu siriar-palestinarrek eta italiar elkartasun ekintzaile talde batek Milanetik (Italia) Stockholmera (Suedia) egin zuten bidaia kontatzen du, Europako harresi frontera eta kontrolak pasatzeko eskontza bateko gonbidatuak zirela antzeztuz.
Dokumentalaren emanaldia
Ongi Etorri Gernika 2017 kanpainagaz lotuta dago. “Gernikan 2017ko apirilaren 29an eta 30ean errefuxiatuei babesa agertzeko egingo den mobilizazio jendetsurako deia egiten dugu, migratzaile eta errefuxiatuei ongi etorriak direla esateko”, adierazi dute antolatzaileek. Errefuxiatuei babesa erakusteko, martxak antolatzen ari dira Euskal Herriko hainbat tokitatik abiatu eta Gernika-Lumora zutabeetan iristeko. Beraz, Lea-Artibaiko zutabeen antolaketari buruz ere hitz egingo dute egueneko ekitaldian.

Gernika 2017 ekimenaren aurkezpena.
“1937an, faxismoak Gernika bonbardatu zuen, ankerkeriaz, modu basatian. Picassok
Guernica margotu zuenetik, herri bizkaitarra bakearen ikur bilakatu da mundu osoan. 2017an, laurogei urte geroago, beharrezkoa da gertakari haren
memoria bizirik eustea eta
aski da esatea milioika lagunen ihesaldia eragiten ari diren beste Guernica anker horien aurrean”. Europako mugetan gertatzen ari dena historiako
beste sarraski handi bat dela diote Ongi Etorri Errefuxiatuak Plataformakoek. “Ezin gara besoak gurutzatuta geratu, ez horixe”, azpimarratu dute.