Santa Agedan batutako dirua eman dio Lekeitioko Kantu tailerrak herrian dagoen Elikagaien Bankuari. Marisol Iturraspe Elikagaien Bankuko arduradunak jaso du diru oparia Nere Jauregiren eskutik. 155 euro izan dira guztira, eta diru horrek aurrera egiten lagunduko dietela azaldu du Iturraspek, esker onez.

Marisol Iturraspe, Kantu Tailerraren dirua jasotzen Nere Jauregiren eskutik. Argazkia: Lekeitioko Elikagaien Bankua
Beharrizana izaten dutela eta, elikagaiak lortzen joateko,
bilketa ezberdinak eramango ditu aurrera Aste Santuan Lekeitioko Elikagaien Bankuak. Alde batetik, bilketa bat jarriko dute martxan, apirilaren 7tik Aste Santua pasatu arte,
herriko dendetan. Pasta, olioa, tomatea, lentejak, indabak, pixoihalak eta esnea bilduko dituzte. “Pixoihaletan ia 100 euro gastatzen ditugu hilero, eta hala ere, ez zaigu denentzat ailegatzen”, azaldu du Iturraspek.
Beste alde batetik, Eskolapeko lokal batean, Ikastolakoek taberna jartzen duten lekuan hain zuzen,
denda bat jarriko dute jendeak emandako era guztietako materialea saltzeko. Jostailuak, liburuak, arropa eta oinetakoak izango dituzte besteak beste, eta guztia,
euro baten truke. “Azoketan jartzen ditugun postuetan biltzen duguna guretzako laguntasun handia izaten da”, azpimarratu du Lekeitioko Elikagaien Bankuko arduradunak.
Zehaztu dutenez, denda Aste Santuko opor guztietan egongo da zabalik, arratsaldez. Eguen Santuan hasi eta 5-6 egun.
Ikasleen laguntza. Herriko
ikastetxeekin ere harremanetan jarri dira Elikagaien Bankukoak, eta Aste Santu ostean janari bilketa bat egin nahi dute eurekin batera. “Eskola publikoari gozariekin laguntzeko eskatuko diogu ea denen artean kakaoa, zerealak eta gailetak biltzen ditugun. Ikastetxekoekin, berriz, oinarrizko elikagaiak bildu nahi ditugu, olioa, pasta eta tomatea”. Lekeitioko ikasleek aurretik ere lagundu dute Elikagaien Bankua jostailuak eta mantak batuz.