Lekeitioko Herriko Eskolako leihoak aldatzeko bigarren faseari ekin dio udalak

Lekeitioko Herriko Eskolako eraikin gorriko leihoak aldatzeko helburuagaz jarraituz, bigarren eta azken fasea burutzeko obra esleitu du udalak. Bigarren fase horretan eraikin bien arteko aurrealdeko leihoak eta behe solairuko ateak aldatuko dituzte. Jakitera eman dutenez, lanek 53.367 euroko inbertsioa suposatuko dute. “Kontuan izanda 40 urte baino gehiago dauzkatela, Herri Eskolako eraikin gorriko leihoak aldatu beharra zegoen, umeen segurtasuna eta osasuna hobetzeko eta energia galerarik ez egoteko”, azaldu dute udal ordezkariek.
Lekeitioko Eskola.

Lekeitioko Eskola.

2016.urtean burutu zuten lehen fasea, eraikineko leiho erdiak aldatuz. Horrela, aurrealde oso bat, alboko leihoak eta gimnasiokoak berritu zituzten, eta berrikuntza horrek 45.780 euroko aurrekontua eduki zuen. Bigarren faseko lanak herriko enpresa batek burutuko dituela azaldu du udalak, eta uda sasoian gauzatuko dituzte, “umerik ez dagoenean”. Guztira beraz, lehen eta bigarren faseak kontuan hartuta, 99.147,25 euro inbertituko dituzte Lekeitioko Herri Eskolako eraikina egokitzeko.