Asteburuan Asier Badiola
Indixu preso ondarrutarra bisitatu ostean
bi ondarrutarrek auto istripua eduki zutela eta, Ondarroako Udalak dispertsio politikaren eta urruntzearen “
berehalako desaktibazioa” eskatu du. “Politika horrek presoen senideak kaltetu eta oinaze gehitu batera zigortzen ditu”. Eta bide horretatik, Ondarroako Udalbatzak pertsona guztien giza eskubideak errespetatzeko exijitu du. Mozioa atzo [martxoak 13] onartu zuen Ondarroako Udalak, aho batez.
Udalak, halaber, dispertsio politikagaz amaitzeko
eskaera Frantzia eta Espainiako gobernuei helaraziko zaiela jakitera eman du. “Baita espetxe erakundeetako arduradunei ere”.

Dispertsio politikagaz amaitzeko eskatzeko mozioa onartu eta gero elkarretaratzea egin zuten. Argazkia: Ondarroako Udala.
Udalbatzak dio sakabanaketa politika horrek “arrazoi politikoei” erantzuten diela eta horren kalteak ez dituela soilik presoak jasaten. “Politika horrek zuzen eragiten die senide eta lagunei ere. Beharrezkoa ez den zigor bat da; politika horrek ez du inoiz zenturik eduki eta ez dio mesederik egin preso diren pertsonen errotze sozialari”.
Dispertsio politika indarrean mantentzeagatik, aurten bederatzi zauritu izan direla gaineratu dute. “Asteburuan istripua eduki duten bi lagunak herri honetako bizilagunak dira, eta 647 kilometrotara dagoen Picassent espetxean bisita bat egitetik zetozen”.
ETAren behin betiko su etenaren ondoren, politika hori luzatzeak ez duela zentzurik ere gaineratu dute Udalbatzako kide guztiek. “Aldatzeko aukera dugu. Oinaze guztiak kontuan hartzeko unea da. Alegia, dispertsioagaz amaitu eta pertsona guztien giza eskubideak errespetatzeko eta etorkizun hobeago bat eraikitzeko momentua da.
Senideen sufrimenduarekin amaitzea beharrezkoa da“.

Ondarroako Udalbatzak mozioa onartu zuen momentua. Argazkia: Ondarroako Udala.