Laneratze programan izena emateko epea zabaldu dute
Debegesa Debabarreneko garapen agentziak hirugarren urtez egingo du Hazilan laneratze programa; izena emateko epea zabalik dago. Aurten, gainera, egitasmoan parte hartu ahal dutenen adin tartea zabaldu dute; 25-44 urte bitarteko pertsona kualifikatuek ...
Egitasmoaren helburua da kualifikazio altua duten (unibertsitate titulua edo goi mailak prestakuntza zikloa) eta lana aurkitzen ez duten pertsonek lanpostu bat bilatzea. «Programa pertsona horiei dago zuzenduta», azaldu dute Debegesako ordezkariek.
44 urtera artekoentzat
Iaz eta 2015ean egindako egitasmoetan gehienez ere 35 urtera artekoek parte hartu ahal zuten. Aurten, baina, adin tartea zabaldu dute. «Profil profesional kualifikatua izan arren, ikasketa horiekin lotutako lan esperientziarik ez duten 35 urtetik gorako pertsonei ere programan parte hartzeko aukera eman nahi izan zaie».
Egitasmoa apirilean hasiko da martxan. Eta interesatuek hilaren 31ra arte izena eman ahal dute, garapen agentziaren webgunean (www.debegesa.eus).
Izena ematen duten guztien artean, Debegesak aukeraketa prozesu bat egingo duela esan du. «Aukeraketa curriculumak aztertuz eta elkarrizketak eginez egingo dugu».
Besteak beste, parte hartzaileek trebakuntza saioak jaso (lehenengo fasea) eta enpresetan praktikak egingo dituzte (bigarren fasea).