Apirilaren 1ean 22. Berdel Eguna ospatuko da Mutrikun. Eta jai horren harira Mutrikuko Udalak urtero ematen duen saria ere emango dute. Aurten, Yurrita Kontserbak enpresak jasoko duela jakitera eman du udalak. Enpresa horrek, 150 urte betetzen ditu aurten, eta Berdel Aipamena emanez, udalak enpresaren “historia luzea” eta bertan lan egin duten langileak omendu nahi izan ditu.
Berdel Aipamena emateko ekitaldia martxoaren 24an egingo da, 20:00etan, udaletxeko aretoan. Sari preziatua Jose Angel Lizardi Mutrikuko alkateak emango du, eta aurreratu dutenez, Yurrita enpresan lan egin duten eta gaur egun ere egiten dutenek parte hartuko dute ekitaldian. “Bertan lan egiten duten familiako kide guztiak joango dira, hasi zuzendaritza osatzen kideetatik eta belaunaldi berrietaraino. Eta horiekin batera garai baten enpresan lan egin zuten hainbat kide ere egongo dira”.
Enpresaren historia eta garrantzia. 1867. urtean sortu zen Yurrita Kontserbak enpresa. Eta 150 urtean eskabetxeak eta gazituen salerosketari lotuta egon da. Euskal Herriko kontserba enpresarik zaharrena izateaz gain, Espainia mailan ere jaki enpresa zaharrenetakoa ere bada. “Mutrikuko Udalarentzat ohore bat da udalerrian honelako historia duen enpresa edukitzea”, gaineratu dute.
Azaldu dutenez, urte hauetan guztietan Yurrita familiako bost belaunaldik hartu dute urtetik urtera enpresa aurrera ateratzearen ardura –seigarren belaunaldia lanean ari da–. Egun, gainera, kontserba sektorean
produktu berritzaileak txertatzearen eta berrikuntzak egitearen alde egin dute. Horren adibide da Yurrita Kontserbak-en
gourmet alorra. Ekoizten dutena Euskal Herrian eta Espainian saltzeaz gain, beste 60 herrialdetara ere esportatzen dute. “Euren izenarekin batera, Mutrikuren zati bat ere mundu mailan ezagutzera ematen dute”.
Gaur egun enpresak Mutrikun duen egoitzan 107 langile daude (%90 behin betiko langileak dira), eta langile horien guztien %60 mutrikuarrak dira. “Urte guzti horietan, herriko emakume ugari izan dira euren instalazioetan gogor lan egin dutenak; bidea ez dute bakarrik egin”. Hori dela eta, aipamenaren zati bat
eskabetxera joaten ziren emakume eta gizon guzti horiei eskaini nahi die Udalak.
Iñigo Lezertua mutrikurrak jaso zuen iaz Berdel Aipamena. Argazkian, sariarekin. Atzean, Jose Angel Lizardi alkatea.