Lea-Artibaiko turismo agente eta udaletako ordezkariak batu zituen atzo goizean [martxoak 16] egin zen
Lea-Artibaiko Ondarearen jardunaldiak. Eskualdeko ondareaz eta horrek eskaini ditzakeen aukerez aritu ziren.
Ondareagaz lotutako
arlo ezberdinak jorratu zituzten jardunaldiko parte hartzaileek.
Hericoast proiektu europarraren baitan, ondarearen ustiapen eta babes ekintzen artean oreka lortzeko bidean, eskualdeen diagnostiko bat egin eta esperientziak elkartrukatzen ari direla azaldu zuen
Nekane Irusta Leartibai Garapen Agentziako Turismo teknikariak. Horretarako proiektuko partehartzaileak hainbat bisita egiten ari direla azaldu zuen, eskualde ezberdinetako kasu zehatzak hobeto ezagutzeko asmoz. Atzo bertan jakitera eman zuenez, 2020an proiektuari itxiera emango dion amaiera-ekitaldia Lea-Artibai eskualdean izango dela adostu dute Hericoast proiektuko bazkide guztien artean.
Jesus Iriondo Leartibai Garapen Agentziako lehendakaria Ondarearen jardunaldiari hasiera ematen. Argazkia Leartibai garapen Agentzia
2012-1013 urteetan egin zen Lea Ibarreko ondare industrialaren inbentarioan parte hartu zuen, bestalde, Ondartez enpresako
Beatriz Herrerasek, eta inguru horren aberastasuna azpimarratu zuen: «intereseko 61 elementu ezberdin identifikatu ziren ibarrean, eta bi urtera, ondare industrial izendapena aitortu zitzaion».
2014-2015 urteetan Artibai ibaiaren ibarrean ere lanean aritu da Herreras, eta kasu horretan, intereseko 80 elementu aurkitu dituzte, esaterako Bizkaian oso urriak diren arku-presa bereziak. Horrez gain, propietate pribatukoa den Oxillaingo burdinola eta errotaren errekuperazio lanetan ere murgilduta egon da. Beatrizen hitzetan “ezinbestekoa da parte pribatuaren inplikazioa eta batez ere jabegoaren inplikazioa” ondarea berreskuratzeko bidean.
Añanako gatz harana. Jardunaldian hitz egiten azkenak, Landa-Otxandiano arkitektura estudioko Mikel Landa eta Alazne Otxandiano izan ziren. Añanako gatz harana berreskuratzeko proiektua jorratu dute arkitektura estudio txiki horretan, eta proiektu berezi horren inguruan aritu ziren.
Ondarearen berreskurapenari dagokionez, ezinbestekoak diren premisa batzuk aipatu zituen Landak: kanpoan zer egiten den ezagutzearen garrantzia, berreskuratze lan bat zertarako egiten den jakitearen ezinbestekotasuna, herritarrak proiektuan parte hartzea, balioa ematen ahalegindu beharra, eta ondare konkretu horren garrantzia ezagutzea.