Astelehenean [matxoak 20] hasi eta datozen
lau hilabeteotan zaharberritu eta aldatuko dira Ondarroako Ertzain-etxeko barruko eta kanpoko instalazioak. Segurtasun Sailak jakitera eman duenez, eraikinaren ingurua zabaldu eta egokituko da, eta herritarrei harrera egiteko eta arreta emateko guneak birmoldatuko dituzte iazko otsailean aurkeztutako proiektuari jarraituz.
Zaharberritze-lanen alderdirik nabarmenetako bat 2008ko atentatuaren ondoren eraiki zen
kanpoko perimetro-pareta kentzea izango da, eta horren ordez iragazkortasun aldakorreko metalezko hesi bat jarriko dute bi fatxadetan, eraikinaren erabileren arabera. “Ertzain-etxea birmoldatuta Ertzaintzaren azpiegituraren eta herritarren artean dauden oztopo fisikoak kendu nahi dira, eta, aldi berean, hurbiltasuna ahalbidetu nahi da arreta hobea eman ahal izateko giroa sortuz”, azaldu dute.
Lanak amaitutakoan Ondarroako Ertzain-etxeak izango duen itxura erakusten duen irudia. Argazkia: Segurtasun Saila
Zehaztu dutenez, proiektuak
bi helburu ditu: Alde batetik, lursailaren perimetro-pareta arindu eta konponketa iragazkorrago bategaz komisaria hiri-bilbera zabaldu kanporantz irudi irekiagoa eskainiz. Eta beste aldetik, herritarrei harrera egiteko eta arreta emateko gunea eta hiri-bilbea hurbiltzea. “Herritarrei harrera egiteko eta arreta emateko gune hori zabaldu eta birmoldatuta eremu publikoa hobetu nahi da espazio zabalagoa, atseginagoa eta erosoagoa sortuta, eta irisgarritasuna eta zerbitzua erraztuko dituzten elementu guztiak izango ditu”.
Plangintza berezia. Eraikina zaharberritzeko lanaren
aurrekontua 365.111 eurokoa da, eta lau hilabetean gauzatzea aurreikusten du Segurtasun Sailak. Proiektua gauzatu ahal izateko plangintza berezi bat bideratu behar izan dutela azaldu dute. Proiektua 2016ko urtarrilean aurkeztu zuten Ondarroako Udalean, dagokion udal-baimena lortzeko.
Lanek irauten duten bitartean eta gune batzuk zaharberritu eta zabaltzeko lanak uztartu ahal izateko, hainbat koordinazio-neurri hartuko dituztela aitatu du Segurtasun Sailak. “Baina, nolanahi ere,
ez dute eraginik izango herritarrei eskaintzen zaien arretan”.