Hezkuntza zelan aldatu azalduko dute Lea Artibai Ikastetxean
Hezkuntza munduan hezitzaile, ekintzaile eta berritzaile den Rafael Balparda Pilarrek hezkuntzaren aldaketari buruzko hitzaldia emango du eguenean [martxoak 23], 17:00etatik 19:00etara Lea Artibai Ikastetxeko Esperantza Eraikinean, Markina-Xemeinen. Jardunaldi irekia izango da hezkuntza munduan dabilen ororentzat.
Hezitzaile ezagunak San Jose de Calasanz ikastetxea jarriko du adibide modura, eta hezkuntzaren berrikuntzan erreferente bihurtu arte, ikastetxe horrek azken 10 urtetan jasan duen bilakaera azalduko du. “Prozesuaren epe ezberdinak aztertuz, garatutako ibilbideari, erabilitako baliabideei eta metodologiei buruz hitz egingo du adibide praktikoak jarriz”, jakitera eman dute Lea-Artibai Ikastetxekoek.
Rafael Balparda Pilarrek 20 urte baino gehiago daramatza Lanbide Heziketako irakasle lez, eta azken 10 urteetan Lanbide Heziketako ikastetxeetan Formakuntzako Koordinatzaile lanetan aritu da. Bere ibilbidean hainbat sari jaso ditu, horien artean, Dema ekintzaile sari nagusia, Enpresen Resoform programaren saria, Fundación GSDk ematen duen hezkuntza berritzaileen 3. saria eta Kalitate eta Berrikuntzako lehen saria, 2015 urtean, lanbiderako orientabide eta Lanbide Heziketan.