Orain arte ume eta gazteei begira bananduta eskaini diren udako aisialdi eskaintza bi bat egitea erabaki du aurten Markina-Xemeingo Udalak.
Olgetan udalekuek 2-14 urte bitarteko herritarrentzako eskaintza ematen zuten, Barroetakoek, ostera,
multikirol udalekuak eskaini izan dituzte. Aurten, aurreneko aldiz, bi proiektuak Olgetan-en barruan batuko dira.
Bateratzearen arrazoi nagusia
hezkidetza indartzea dela jakitera eman du udalak. Izan ere, bi proiektuetan antzeko ekintzak egin arren, udaleku batean eta bestean parte hartzen duten neska-mutilen proportzioak oso desberdinak dira, batez ere adin jakin batetik gora. “Udaleku bateratu bat izateak aisialdian ere ume eta gaztetxoak denak batera, parekidetasunean eta berdintasunean hazi eta hezteko aukera eskaini dezakeela ikusi da”, azaldu dute.

Olgetan, Barroeta eta udaleko ordezkariak, udaleku bateratuaren berri emateko kartelekin. Argazkia: Markina-Xemeingo Udala
Udaleku bateratu hauen kudeaketaz herrian osatu berri den
MAXE federazioa arduratuko da. Federazio hau Izarbidean, Guraso Elkartea, XAT eta Olgetan-ek osatzen dute, eta bere helburua herriko aisialdi bateratua osatzea izango dela azaldu dute, elkarlanean arituz.
Urtero bezala,
uztailean egingo dira Olgetan-eko udalekuak, guraso gehienek eskatu bezala. Abuztuan ere udalekuekin jarraitzeko aukera proposatu zuten zenbait gurasok, baina gutxiengoa izan direnez orain arte bezala jarraitzea erabaki du udalak.
Herriko eskoletan informazioa banatuko dute udalekuen zehaztasun guztiekin. Horrez gain,
barikuan [martxoak 24],
19:00etan, udalekuen aurkezpena egingo dute
Kultur Aretoan.