Atzeratu egin dute barikuan [martxoak 24] Ondarroako Gatz taldeak, Nevadah Durangaldeko taldeak eta DJ Judasek eskaini behar zuten saioa.
Gatz musika taldea Josu Aranburuk (ahotsa eta gitarra), Seber Uribek (baxua eta koruak), Eihar Uribek (gitarra) eta Mikel Breixok (bateria) osatzen dute. Kide horiek guztiek hainbat urte daramatzate musika munduan murgilduta. Pater Noster, Eskandalo publiku, Sikofoni, Gominols, Sulfato, Ukabil, Drongeners eta beste hainbat talde ondarrutarretan jo dute, baina denak ere, Jonny Gerriwelt taldean aritutakoak dira. “Jonny Gerriwelteko berberak gara, baina aldatuta gatoz”, esan zuten taldeko kideek
2015ean HITZAk egindako elkarrizketan.

Gatz taldeko kideak. Argazkia: Kids & Kliks.
Nevadah. Durangaldeko bost lagunek osatzen dte taldea, eta urtebete baino gehiago entsegatzen aritu ostean, Durangoko jaietako txosnagunean eskaini zuten euren lehenengo kontzertua. Musika estiloari dagokionez, ez direla etiketa zaleak diote. “Ez gara etiketatzen, baina Punk-Rock-Garaje… inguruan gabiltzala esan daiteke”. Eskaintzen dutena jarrera eta indarra dela diote.
DJ Judas. Estilo ezberdineko abestiak jorratzen ditu: EDM, mombahton, reaggetoia… 14 urtegaz hasi zen DJ moduan praktikatzen, eta ordutik, musika beti bere bidelagun izan dela dio.