Sei talde edukiko ditu lehian aurten, Markina-Xemeingo Gimnastika Erritmikoko Taldeak. Ikasturte hasieratik ikasten ari diren teknikak eramango dituzte jendaurrera, ilusio guztiagaz. Entrenatzaile berria ere estreinatu dute eta izpiritu berrituagaz ari dira lanean.
Benjaminen eta alebinen talde bik eta txikien eta kadeteen talde banak osatzen dute txapelketetan ari den Markina-Xemeingo Gimnastika Erritmikoko Taldea.
26 gimnastikalari dira guztira: 8 benjamin, 8 alebin, 5 txiki eta 5 kadete.
Txapelketetan parte hartzen duen Markina-Xemeingo Gimnastika Erritmikoko talde osoa.
Martitzenero eta egunero elkartzen ari dira aurten,
Helena Jauregi Gerrikaetxebarria gernikarraren gidaritzapean, teknikak ikasteko. 11 urtegaz hasi zen norgehiagokan irakasle berria eta 18 urtegaz entrenatzen. Eibarren, Elorrion, Mallabian eta Bartzelonan ere eman ditu eskolak, eta orain Markina-Xemeingoak trebatzen ari da Jauregi. «Ikasturte hasieran tresnen teknika ikasi zuten eta prestakuntza fisikoa lantzen hasi ginen. Azaroan, berriz, lehiketetarako prestaketari ekin genion Gabonen ostean dena prest edukitzeko», azaldu du.
Tresnak. Mailaren arabera tresna sailagoak erabiltzen joaten dira gimnastikalariak. «Benjaminak tresna barik aritzen dira, alebinak, aldiz, pelota izaten dute lehen tresna. Hiru pelotagaz eta bi esku libreekin aritzen dira», azaldu du entrenatzaileak. Txikiak, berriz, bost uztai erabiltzen dituzte, eta kadeteek hiru uztai eta bi pelota.
Gimnastikalarien jantziak ikusgarriak izaten dira, hala ere, Helena Jauregik azaldu duenez, ez dira puntuagarriak izaten. «Hori bai,
ikusgarritasuna ematen diete gimnastikalarien muntaia bereziei». Hala, iaz alebin eta benjaminek egin zuten moduan, jantzi berriak estreinatu dituzte kadeteek, eta txikien mailakoak konpondu dituzte.
Lehenengo txapelketa otsailaren erdian eduki zuten, eta asteburu honetan daukate hurrengo ekitaldia, zapatuan [martxoak 25] Durangon eta domekan [martxoak 26] Deustun. Bigarren txapelketa ere sailkapenekoa izango da, eta batazbesteko emaitz ona ateraz gero, maiatzeko finaletan egon daitezke.
Benjaminen taldea.
Alebinen taldea.
Txikien taldea.
Kadeteen taldea.