Korrika kulturalaren baitan,
Petresku, etzi ez etsi! bertso antzerkia antzeztu zuten atzo [martxoak 26] Markina-Xemeingo Uhagon kulturgunean
Itxaso Paia eta Eneko Arrate aktoreek. Kultur aniztasunean oinarritutako ikuskizun entretenigarri bezain dibertigarria eskaini zuten umorea, bertsoak, antzerkia eta musika uztartuz.
Beste gaztetxo askok bezala, Laida errumaniarra Euskal Herrira etorri da bere familiagaz, bizi berri bat hastera. Hasierak ez dira errazak, baina Laidak euskaraz zein bertsotan egiten ikasten du, guztien laguntzarekin. Laidari laguntzeko abestu eta errimak ere egin zituzten Uhagonen bildutako ume, gazte eta helduek.

Itxaso Paia eta Eneko Arrate aktoreak Uhagoneko oholtzan.
Korrika igaro baino lehen, hainbat ekitaldi kultural egingo dituzte Markina-Xemeinen. Bertso antzerkiagaz gainera,
mus eta briska txapelketak ere jokatu dira asteburuan, esate baterako eta datorren asteburura begira ere antolatu dituzte hainbat ekitaldi.
Zapatuan [martxoak 25] jokatu ziren mus eta briska txapelketak Akerbeltz gaztetxean. Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatutako briska txapelketako irabazleak Maite Leturiondo eta Juanita Aranceta izan ziren; musekoak, Juan Ignacio Gallastegi eta Josu Olabarria.

Markina-Xemeingo Gazte Asanbladak antolatuta, mus eta briska txapelketak Akerbeltz gaztetxean. Argazkia: Markina-Xemeingo Gazte Asanblada
Udalaren lekukoa. Beste alde batetik, Markina-Xemeingo Udalak
Korrika-ren kilometroa herritarrekin elkarbanatzea pentsatu du. Horrela, apirilaren 5ean, Korrika herrian sartzen denean, herritar batek eramango du lekukoa. Horretarako, izena eman behar da aldez aurretik. Izena,
komunikazioa@markina-xemein.eus helbidera mezua bidalita eman daiteke edo bestela,
94-616 74 54 telefono zenbakira deituta. Izena emateko azken eguna eguena [martxoak 30] izango da, eta zozketa barikuan [martxoak 31] egingo da.
Markina-Xemeingo AEK-k jakitera eman duenez, eguaztenean [martxoak 29] 19:30ean egingo dute euskaltegian
herriko kilometroen zozketa. Bestalde, apirilaren 4rarte irekita egongo da
Korrika denda. Artibai kalean jarri dute, Luzitxu dendaren ondoan, Udal arraindegiaren parean. Hau da
ordutegia:
astelehenetik barikura 18:00etatik 20:00etara eta zapatu eta domeketan 12:00etatik 14:00etara.