Odol emoileen lana goraipatu dute Lekeition
20 eta 25 odol emari egin dituzten 86 emakume eta gizonezko zeuden deituak, zapatuan [martxoak 25], Lekeitioko Ikusgarri aretoan diplomak hartzera. Denak ez zuten joaterik izan; horrela, 33 diploma banatu zituzten Lekeitioko Bizi Iturri eta Bizkaiko Dosanbiz odol-emoileen elkarteek bertaratu ziren odol-emoileen artean, eta beste hainbat hartu zituzten ekitaldira bidali zituzten ordezkariek.
Giro ederrean ospatu zen Lekeitioko unitate mugikorrean odola ematen dutenei esker ona erakusteko omenaldia. Diplomak banan-banan banatzeagaz gain, mokadutxoa hartu eta kontu kontari aritzeko aukera ere izan zuten guztiek batera. Xabier Txakartegi Lekeitioko Bizi Iturri elkarteko lehendakariak jakitera eman duenez, apirilaren 14an, Bariku Santuan, egongo da berriz ere, Lekeitioko plazan, odola emateko aukera, eta emateko geratu diren diplomak bertara eramango dituztela azaldu du.
Argazkiak: Traola Produkzioak