Datorren zapatuan [apirilak 1], hasiko da martxan, berriz ere, Lekeitioko ume eta gazteei begirako aisialdi zerbitzua eta irekiera jairako era askotako ekintzak antolatu dituzte. Kidegune eta gaztegunearen inaugurazio jaia 17:30etik 23:00etara luzatuko da.
Lekeitioko Gaztegunea.
6 eta 8 urte bitartekoentzat
master chef txikia antolatuko dute. Kideguneko gazteenek 17:30etik 19:30era edukiko dute animalien itxura duten fruta eta txokolatezko brotxeta tailerra.
9 eta 11 urte bitartekoek, berriz, erronkan ezberdinak planteatzen duen
gynkanagaz gozatzeko aukera izango dute 18:00etatik 21:00etara: bottle challenge, dicey challenge, blow it, pasta challenge, cube challenge eta tower challenge.
12 eta 16 urte bitarteko gazteek, ostera, Gazteguneagaz zerikusia duten kontzeptuen
stencilak burutuko dituzte paper gainean, eta antolatzaileek azaldu dutenez, stencil horiek gero, Gazteguneko hormetan jarri ahalko dituzte.
Horrez gain, ekintza gehiago egongo dira, jolasak, photocall-a eta aurpegien margoketa, besteak beste. Irekiera jaira mozorrotuta joateko gonbitea egin dute.
Suspergintza elkarteari eman dio Lekeitioko Udalak aisialdi zerbitzuaren kudeaketaren ardura. Zapatu eta domeka arratsaldetan eskainiko dute zerbitzua, adinaren arabera, ordutegi ezberdinekin. Horrela, Kideguneak talde bi izango ditu: 6-8urte bitartekoak eta 9-11 urte bitartekoak. Gazteguneak berriz, 12 urtetik gorakoak.
Zapatuan hasi eta ekainaren 11ra arte eskainiko dute zerbitzua, lehenbizi. Uztailean udalekuak egongo dira, eta ondoren, ikasleen uda oporraldia amaituta, zerbitzua berriz martxan jarriko du udalak, Irailaren 16tik abenduaren 30era arte.
Oporraldietan zerbitzuaren ordutegiak egokitu egingo dituztela ere zehaztu du udalak. Horrela,
apirilaren 18tik 21era eta
abenduaren 26tik 29ra ere aisialdi zerbitzua eskainiko dela azaldu dute. Apirilaren 15ean 16an eta abenduaren 24an eta 31n berriz, ez da zerbitzurik emango eta Gaztegunea itxita egongo da.