Korrika nagusiaren helburu bera oinarri hartuta, 20. Korrika Lea-Artibai eta Mutrikura heldu bitartean [apirilak 5], herrietan giroa berotzeko ekintzak egingo dituzte.
Korrika Txikiak dira ekintza horietako batzuk; Aulestin, Ondarroan eta Ziortza-Bolibarren egingo dituzte.
Baina bestelako ekintzak ere egingo dira. Horien guztien artean, Ondarroan egingo den ekintzak aparteko aipamenik merezi du. Izan ere, zapatuan [apirilak 1], Aragoiera-Euskara topaketak egingo dira. «Aragoieraren inguruan ezer badakigu? Bizirik dago? Zenbat hiztun ditu? Aragoiko kulturan eragikin badauka? Galdera horiek eta beste asko erantzuteko ekimena izango da biharko», azaldu dute.
[EGITARAUA IKUSI]
Funtsean, topaketak elkar ezagutu, elkarrekin bazkaldu eta elkarrekin berba egiteko aukera emango duela azaldu dute. «Horrez gain, eta eguna borobiltzeko, Zaragozako Camille taldea, Berako Joseba B. Lenoir eta Zaragozako DJen emanaldia egongo da, gaztetxean».
Korrikaren inguruan egingo diren ekintza gehienetan, gainera, 20. Korrikaren inguruko materiala erosi edota laguntza emateko aukera edukiko dute herritarrek. Ekintzetan ere Korrikaren ezaugarriekin parte hartzeko deia egin dute.
[EGITARAUA IKUSI]