Sahararen aldeko bigarren eskuko azoka egingo dute Ispasterren
Azoka solidarioa domeka [apirilak 2] goizean egingo dute. Biltzen den dirua Saharako eskolara bideratuko dute. Ekintza elkarlanean egingo dute Ispasterko eskolak, guraso elkarteak eta hirugarren adinekoen elkarteak.
Ispaster Saharako herri batekin senidetuta dago. Eta urtero, Maite Zabala ispastertarra Saharara joaten da. Hala, aurten apirilaren 7an joango da Zabala Saharara. «Pentsatu genuen beti dirua eskatzen ibili beharrean, trukea egiteko ekintza bat egitea. Eta hortik sortu zen bigarren eskuko azokaren ideia», azaldu dute. Horrela, herritarrek erabiltzen ez duten eta modu onean dituzten gauzak batu eta horiek guztiak borondatearen truke salduko dituzte zapatuko azokan».
Beraz, herritarrei eskatzen dietena da euren etxeetan dituzten eta erabiltzen ez dituzten gauzak azokarako emateko. «Jostailuak, liburuak, arropak… Denetarik egongo da azokan».
Ateratzen den diru guztia Saharako eskolara bideratuko dutela esan dute.
Herritarren erantzuna. Aurreratu dutenez, printzipioz 10:30etik 13:00etara egingo da azoka, plazan. «Jende asko badabil, luzatu ere egin ahal da; ordutegia gutxi gorabeherakoa da». Halaber, euria balego, ekintza elizako aterpean egingo dutela esan dute.
Ispasterko eskolako kideek jakitera eman dute herritarrak gauza ematen ari direla. «Eskolatik guraso guztiei ohar bat bideratu genien, ekintzaren helburua zein zen azalduz. Eta, momentuz, erantzuna ona ari da izaten; jendea ari da gauzak ekartzen».