Bi hilabeteko epea edukiko dute lekeitiarrek udalak idatzi duen Hiri-Antolamenduko Plan Orokorraren aurrerakina eta bere ingurumen azterketa estrategikoa ikusi, aztertu eta, egoki iritzitako iradokizunak eta alegazioak aurkezteko. Atzo [martxoak 30] jarri zuen udalak jendaurrean aurrerakin dokumentua, eta zehaztu dutenez, maiatzaren 30ean amaituko da ekarpenak egiteko aukera.
“Hiria Antolatzeko Plan Orokorraren aurrerakin dokumentuan plangintzaren irizpideak, helburuak, aukerak eta oinarrizko konponbide orokorrak jasotzen dira, bai eta ingurumen azterketa estrategikoa ere”, azaldu du udalak. Dokumentua Lekeitioko Udalaren
web orrialdean zabaldu duten HAPO atalean edo Lekeitioko Udaleko bulego orokorretan dago eskura, osorik.
Udalak jakitera eman duenez, gainera, aurrerakin dokumentuaren kopia digital bat Lekeitioren mugakide diren udalerriei ere bidaliko zaie, hau da, Mendexa eta Ispaster hain zuzen.