Yaalah Elkartea Ondarroako Saharar Elkartasun taldea, aurkeztu dute gaur goizean [apirilak 1] Ondarroako Kofradia Zaharrean. Elkartea ibilbide ezberdinetako jendeak osatzen du eta hori “aberasgarria” dela azpimarratu dute, bakoitzak ekarpen ezberdinak egin ditzakeelako. Batzuk herritik kanpo egin dute Saharar herriari laguntzeko ibilbidea eta beste batzuk, ordea, herrian bertan. Helburu berak batu ditu orain guztiak, Ondarroan.
Lehen pausoak ematen hasi den Yaalah Elkarteak
lau lerro nagusi jarraituko dituela jakitera eman dute elkarteko kideek. Alde batetik, lehen herrian zegoen Sahararen aldeko taldearen bidetik,
lehengai eta elikagaien bilketagaz jarraituko dute. “Behar hori berriz hartzeko premia ikusten dugu saharar herriak laguntza behar duelako, eta ez goaz alde batera uztera gauza berriak egiten hasi arren”. Abenduan egingo dute elikagaien lehen bilketa, otsailean edo martxoan Argelerantz abiatzen den karabanara eramateko.
Beste alde batetik,
Oporrak Bakean Euskal Herrian ume sahararrak hartzeko programa bultzatuko dute. “Gure bataioa aurten, Ondarroara ume bat ekarriko duen familiagaz izango da”.
Ondarroako Yaalah Saharar Elkartasun taldearen aurkezpena.
Hirugarrenik, herrian eta inguruan
sentsibilizazio kanpaina bat egitea dute asmoa, Saharan gertatzen diren gauzak kontatu eta guztiak informatuago egoteko. Horretarako hitzaldiak antolatuko dituzte eta sare sozialen bidez ere zabalduko dute informazioa. “41 urte dira jada erbesteratuta bizi direla eurena ez den lurralde batean eurena okupatuta dagoelako, eta egoera horri buruzko informazio gutxi ematen dute komunikabideetan”.
Laugarren puntuak alderdi bi lotzen ditu:
Ondarroako gazteak eta Saharar errefuxiatuen kanpamentuak. Gazteak Saharako egoeragaz sentsibilizatu nahi dituzte, Saharara bideratuta. “Badirudi gazte askok Sahara oporretako norako bat bezala hartzen dutela, baina ez dute egoera ezagutzen”. Horregaz apurtu eta bertako egoera bertatik bertara ezagutzeko gazte talde bat kanpamentuetara eraman nahi dute. “DBH4tik gorakoak izango ziren gazteak eta aste beterako joango ziren bertara elkarteko kideekin lagunduta”. Azaldu dutenez, egitasmoaren helburua ez da gazteek aste bete etxeetan igarotzea, baizik eta
aurrez adostutako proiektu bat gauzatuko lukete bertan, benetako egoera ezagutzen duten bitartean.
“Sahararrek ez dute karitaterik behar, laguntza eta kolaborazioa baino”, diote elkarteko kideek. Beraz, hemengo ikuspuntua alde batera utzi, sahararrei eurei zer behar duten galdetu eta benetan behar dituzten proiektuak gauzatzea dute asmoa. “Ondarroako talde batek,
2018an, bertara bidaiatzea nahiko genuke, sahararrek esandako proiektu bat gauzatzera. Epe ertaineko proiektua izango litzateke, kolaborazio lerro bat sortu nahi dugu eta”.