Ispastertarrek 500 eurotik gora bildu dituzte Saharara bidaltzeko
Saharako Farzia herriko eskolari laguntzeko azoka solidarioa egin zuten zapatuan Ispasterren. Ekintza eskolak, hirugarren adinekoek elkarteak eta guraso elkarteak elkarlanean antolatu zuten. Eta eguraldia aldeko eduki ez bazuten ere, herritarrek primeran erantzun zutela esan dute antolatzaileek. Hala, azoka solidarioan 500 eurotik gora bildu zituzten. “Ez genuen espero bi ordu eta erdian horrenbeste batzea”.
Antolatzaileek bihotzez eskertu nahi izan dute herritarrek erakutsitako borondatea. “Jendeak primeran erantzun zuen. Gainera, eguraldi txarragaz, elizpean egon ginen, eta uste genuen ez zela inor etorriko”.
Egindakoagaz gustura geratu dira ispastertarrak, eta bildutako diru guztia Maite Zabala herritarrari eman diote; harek Saharara eramango du, herritar guztien izenean.