Lekeitioko Udalak ariketa fisikoa sustatu nahi du adinekoen artean
Azken urteetan, parke osasungarriak edo kaleko gimnasioak sortu dituzte Lekeition, herritarrei ariketa fisikoa egiteko aukerak emateko. Parke horiek duten erabilgarritasunaz baliatuz, orain, Lekeitioko Udalak Bizkaiko Foru Aldundiko Kirol Zerbitzuaren bidez, ariketa fisikoren praktika sustatu nahi du herrian, eta horretarako Uribarren Abaroa egoitzan dagoen parkea erabiliko dute.
Horrela, bizi ohitura osasungarriak bultzatze aldera, adinekoei zuzenduta eta profesional baten laguntzagaz, ariketa fisikoa egiteko saioak antolatu dituzte.
Maiatzaren 8tik hasita, eguenero emango dituzte saioak 11:30etik 12:30era, eta 8 saio izango dira guztira. Bost eta hogei pertsona bitarteko taldeak jasoko ditu saioak, eta guztiz doan izango dira. Programa horretan parte hartu nahi dutenek, Jubilatuen Etxean edota Kiroldegian eman behar dute izena.
“Ariketa fisikoa modu arin eta erakargarrian egiteko pentsatuta dauden elementuak eskaintzen dituzte parke osasungarriek. Ariketa fisikoak onurak dakartza alor fisiko, mental, sozial-emozionalean, besteak beste”, azpimarratu du udalak. Uribarren Abaroako parkea urte osoan herritar orori zabalik dagoela ere gogora ekarri dute, eta guztiz doan.