Izatez apirilaren 7an zen egitekoa Kamiñazpiko parkea eraberritzeko parte hartze prozesuaren asken saioa. Azkenean, baina, azken saio hori maiatzaren 6ra atzeratzea erabaki dute; egun horretan 11:00etatik 13:00etara batuko dira herritarrak. Udalak jakitera eman duenez, saioan parte hartuko dutenak parkean bilduko dira.
Aurreratu dutenez, azken saio horretan aurrekontuak eskuan hartuta parkean egin beharreko aldaketak definituko dituzte. “Hain zuzen ere, parkeko lanak egiteko egongo den
aurrekontu zehatza eskuan eduki arte atzeratu da saioa”. Beraz, aurrekontua eskuan dutela, parkearen diseinu berria erabakiko dute herritarrek, eta ostean parte hartze prozesua gidatu duen arkitektu taldeko kideek proiektua egingo dute.
Udal ordezkariek diote herriko txikienen iritzia jasotzea oso ariketa ona izan da; “aurrerago ere erabakiak hartzeko unean horrelako ariketak egin beharko dira”
Udalak jakitera eman duenez, orain arte egin diren saioetan 40 lagun inguruk parte hartu dute. Lehenengo hiru saioak bi lan taldetan banatuta egin zituztzen: 5 urtetik aurrerakoak eta helduak. Saio bakoitzaren amaieran, baina, taldeetan eztabaidatutakoa guztiei azaldu zaie. Udalak dio
ariketa hori “polita eta beharrezkoa” izan dela. Gainera, udal ordezkariek esan dute aurrera begira ere herria denen artean eraikitzen jarraitzeko ahalegina egingo dutela. “Herriko
txikienek ere badute zeresana eta prozesu honetan asko erakutsi digute; sarri askotan guk geuk identifikatzen ez genituen premia eta gabeziak identifikatzeko gai izan dira”, azaldu du Eneritz Basurko Hezkuntza eta Hirigintza zinegotziak. “Aurrerago ere erabakiak hartzeko unean horrelako ariketak egin beharko dira, emaitza guztion beharretara egokitutakoa izango dela bermatzeko”.
Kaminazpiko parte hartze prozesuaren saio bat.
Herritarren kezka nagusiak. Parte hartze prozesuan herritarren kezka nagusiak ondokoak izan direla esan dute: Ondarroan dagoen berdeguneen gabezia, txakur kakak, Kamiñazpiko parkean komun egoki batzuk ipintzeko premia, umeentzako egokiak diren jolasen premia, errekarako pasabidea, eserita egoteko bankuak, zoladura, argiztapena eta parkearen erdigunean dagoen zuhaitza. Horiek guztiak jasota eta aurrekontua eskuan hartuta, Kamiñazpiko parke berritua zelakoa izango den eta izango dituen elementuak zeintzuk izango diren adostuko dituzte azken saioan.
Proiektua Kamiñazpiko jaien bezperan amaituta egongo dela esan dute udal ordezkariek, eta herritar guztiei zuzendutako
aurkezpen publikoa egingo dutela gaineratu dute udalak;
udalaren webgunean ere ikusgai jarriko dute.