Mendizorrotzara, irabaztera
Lointek Gernika Bizkaiak 61-64 galdu du Lacturale Araskiren kontra 'play off'-etako lehen lehia. Bihar Gasteizen jokatuko dute bigarren partida, 19:30etik aurreraLointek Gernika Bizkaiak 61-64 galdu zuen Lacturale Araskiren kontra eguaztenean titulua l...
Lointek Gernika Bizkaiak 61-64 galdu du Lacturale Araskiren kontra ‘play off’-etako lehen lehia. Bihar Gasteizen jokatuko dute bigarren partida, 19:30etik aurrera
Lointek Gernika Bizkaiak 61-64 galdu zuen Lacturale Araskiren kontra eguaztenean titulua lortzeko bidean gainditu beharreko lehen kanporaketaren lehen partida. Beraz, bihar (19:30) gasteiztarren kantxan garaipena lortzea ezinbestekoa du, finalerdietara heltzeko.Horixe da orain talde gernikarrak duen erronka. Bihar irabaziz gero, hirugarren partidan erabakiko litzateke Gironaren kontrako finalerdia zeinek jokatuko duen. Hirugarren partida hori, gainera, Malosten lehiatuko lukete eguaztenean (hilak 12), 20:00etatik aurrera.
Giro itzela izan zuten herenegun Malosten bildutako zaleek. Emozio eta intentsitate handiko partida jokatu zuten gernikarrek eta gasteiztarrek. Hasierako minutuetatik harmailetan bildutako zaleek gogor animatu zituzten beren jokalariak. Gasteiztik ere zale asko etorri ziren Gernika-Lumora.
Etxeko jokalariek oso indartsu ekin zioten lehiari, eta Asurmendiren eskutik heldu zen play off-etako lehen saskiratzea. Joko-antolatzaile nafarraren, Pinaren eta Sandricen saskiratzeekin, 11-2 aurretik ziren etxekoak, partida hasi eta hiru minutura.
Baina, berehala heldu zen Lacturale Araskiko jokalarien erantzuna. Hiruko jaurtiketekin suspertu, eta kanporaketa borrokatzeko gogotsu daudela erakutsi zuten.
21-14ko markagailuagaz hasi zuten bigarren laurdena, eta atsedenaldia heldu aurreko minutuetan arabarrek etxekoek baino hobeto jokatu zuten. Jaurtiketetan asmatu zuten, eta etxekoek, ostera, hainbat hutsegite egin zituzten.
Une zailak
Momentu latzak izan ziren Malosteko jokalarientzat; nahi zuten jokoa egiteko zailtasunak izan zituzten. Asmatu nahi, baina ezinean ibili ziren. Erasoko jokaldietan motel, baloiak galduz, eta jaurtiketa behartuak eginez jardun zuten.
Araskikoak, berriz, ideiak argi eta eraginkortasunez aritu ziren. Hori laburbiltzen du 9-21eko partzialak, eta ondorioz, gasteiztarren 5 puntuko errentagaz joan ziren aldageletara (30-35).
Etxeko zaleen babesa ezinbestekoa zen Lointek Gernika Bizkaiarentzat, eta beste behin gogotsu animatu zituzten etxeko jokalariak. Armstrongen hirukoagaz hasi zuten bigarren zatia.
Baina atsedenaldira heldu aurreko minutuetan moduan, etxekoak asmatu ezinik zebiltzan, eta gasteiztarrek markagailuko aldea handitzeko aprobetxatu zuten.
Esfortsu itzela eginez, 33-42ko markagailutik 39-42kora pasatzea lortu zuen etxeko taldeak. Gero, 13-3ko partzialagaz markagailuan aurretik jartzea lortu zuen (46-45).
Tentsioa eta emozioa
Emozioz beteriko minutuak izan ziren, bai kantxan eta baita harmailetan ere. Diezen hirukoagaz 2 puntuko errenta lortu zuten hirugarren laurdenaren amaieran (49-47), eta harmailetan olatua eginez erantzun zuten etxeko zaleek.
Azken laurdena ere tentsioz eta emozioz beterikoa izan zen. Garaipena lortzeko ahaleginean jokatu zuten bi taldeetako jokalariek, baina nekea igarri zen guztiengan. Araskiko jokalariek ere hutsegiteak egin zituzten.
55-52ko markagailutik 55-54kora pasatu ziren, eta lehia amaitzeko falta ziren hiru minutu eta erdian edozer gerta zitekeela bazekiten jokalariek zein zaleek. Tudancaren eta LiƱeiraren hirukoek markagailua irauli zuten gero (59-63), eta Mokangoren eskutik heldu ziren etxekoen azken puntuak.