Oso pozik amaitu du asteburua
Isuntza Arraun Elkarteak. Bizkaiko liga erregular baten ondoren Bizkaiko bandera, ligako kopa eta brontzezko domina ere eraman ditu Lekeitioko arraun taldeak. Zapatuan, Bizkaiko Batel Txapelketara aurkeztu zituzten bost bateletatik lau sailkatu ziren atzoko finaletarako eta arraunlariek egindako lanarekin “oso pozik” daudela azpimarratu dute.
Isuntza Arraun Elkarteko arraunlariak eta arduradunak banderagaz. Argazkia: Isuntza Arraun Elkartea
02:19,52 denbora eginez, lehenak izan ziren Isuntzako alebin mailako mutilak eta poz-pozik astindu zuten bandera. Txikien mailako mutilek ere emaitza ona lortu zuten hirugarren postua bere eginez, eta brontzezko dominekin itzuli ziren herrira. Horrez gain, Lea batela ere 4. postuaren jabe egin zen.
Emozio eta urduritasun une ugari bizi izan zituzten atzo,
Ondarroa Arraun Elkarteko arraunlariek ere. Banderarik ez baina zilarrezko eta brontzezko dominekin itzuli ziren Ondarroara arraunlariak. Bigarren postua lortu zuten Artibai bateleko neskek txikien mailan eta Ondarru batelekoek hirugarrena. Maila handia erakutsi du Ondarroako taldeak ligan, emaitza bikainekin; izan ere, lehenengo eta hirugarren geratu dira.
BIZKAIKO BATEL TXAPELKETAKO EMAITZAK
Hurrengo txapelketak. Eskualdeko arraunlarien hurrengo erronka Euskadiko txapelketa izango da. Bizkaikoagaz gain, Euskadiko eta Espainiako Batel Txapelketak ere Sestaon jokatuko dira apirilean.
39. Euskadiko Txapelketa apirilaren 22an eta 23an lehiatuko da, eta maila ezberdinetako 56 batelek parte hartzea aurreikusten dute: txikiak neska eta mutil, promesak neskak, kadete mutil, gazte neska eta mutil eta absoluto neska eta mutil. Bizkaikoan bezala, zapatuan sailkapen estropadak egongo dira eta domeka goizean finalak.
Azkenik,
74. Espainiako Batel Txapelketa apirilaren 29an eta 30ean jokatuko da, eta 70 batel egongo dira lehian. Txikien mailako mutilek, promesa mailako neskek, kadete mailako mutilek eta gazte eta absolutu mailetako neskek eta mutilek hartuko dute parte, aurrekoak bezala, zapatuan eta domekan lehiatuko diren estropadetan.