Deba ibaia eta ibaiertza balioan jartzeko plan bat egiten hasiko dira
Paisaiaren babesak eta hobekuntzak duten garrantziaz jabetuta, Mutrikuko Udala eta Debako Udala Deba ibaiaren eta Sasiola-Astigarribia itsasadarraren Paisaiaren Ekintza Plana lantzen hasi dira. Plana Debegesa Garapen Agentziaren laguntzarekin hasi dira egiten.
Plan hori eginda, Deba ibaiaren eta ibaiertzaren paisaia berreskuratu eta balioan jarri nahi dute bi herrietako udalek. «Paisaia berreskuratu eta balioan jartzeaz gain, gune horretan biltzen diren ondare kultural eta natural ugariak ere kontuan hartuko ditu planak: Done Jakue Bidea, ondare arkitektonikoa, Astigarribiari eta Sasiolari loturiko ondare erlijiosoa, turismoa, ondare naturala…».
Plana gauzatzen hasteko, Mutriku eta Debako udalek eta Debegesak bilera irekia egingo dute hilaren 25ean, 18:00etan hasita, Debako Agirre Jauregian.
Ekarpenak jaso. Bi udaletako teknikariek eta Debegesako arduradunek paisaia planen testuingurua aurkeztu, erabiliko den metodologia azaldu eta lortu nahi diren helburuak zehaztuko dituzte.
Aurreratu dutenez, gainera, lehenengo bilera horretan parte hartzen duten herritarren ekarpenak ere jasoko dituzte ardurdunek, «diagnostikoa osatu ahal izateko».