Erantzun handia izan zuen domekan [apirilak 23], Aurrera Mendi taldearen eta Zubi Zahar herri ikastolaren ekimenez egin zen Boga Mendi Martxak. Euskal Herriko iraupen luzeko ibilaldien zirkuiturako baliagarria izan den Ondarroa-Ondarroa, eta beste bi ibilbide izan zituzten aukeran parte hartzaileek.
230 pertsonak aukeratu zuten ibilbide luzea,
419 pertsonak egin zuten ertaina eta
288 pertsonak motza.
Boga Mendi Martxako parte hartzaile batzuk ibilbide hasieran. Argazkia: Aurrera Mendi Taldea
Ekimenak izandako parte hartze «ikaragarriak» zituzten aurreikuspen guztiak gainditu zituela aitortu du Aurrera Mendi Taldeko Fede Arantzamendik. «Aurretik izena emanda zeudenei, beste ia 400 pertsona gehitu zitzaizkien irteera egunean bertan», zehaztu du. Antolakuntzakoak momentu batzuetan gainezka ibili ziren arren, ekimenaren
balorazio ona egin du Arantzamendik. «Eguraldia eta irteera bera ikusgarriak izan ziren».
Martxak
maila guztietako ibiltariak batu zituela ere adierazi du Arantzamendik. Alde batetik, iraupen luzeko ibilaldiak egiten aritzen diren kirolariak, eta bestetik, Kalamendiko buelta egitera animatu ziren familia osoak.
Boga Mendi Martxako parte hartzaile batzuk. Argazkia: Aurrera Mendi Taldea
Hornidura guneetako “guztia” agortu zitzaien, bai eta kamisetak ere. Hala ere,
kamiseta gehiago aterako dituztela azaldu du Aurrera Mendi Taldeko kideak, eta falta zaien guztiei ematen ahaleginduko direla azpimarratu du.
Parte hartze handiagaz gain, aurtengo Boga martxa
telebistarako grabatu dute. “Egun guztia egin zuten grabatzen, eta horrek ere giroa sortu zuen. Ikastolako zuzendaria eta beste partaide batzuk elkarrizketatu zituzten”.