Azaro Fundazioak eta Leartibai Garapen Agentziak antolatuta, Lea-Artibaiko Ekintzailearen Eguna eta Enpresa Berrian V. Azoka egingo dira zapatuan Berriatuan. Azoka 10:00etan zabalduko da, eta aurreratu dutenez, 14:00ak arte egongo da zabalik.
Beste behin ere, azokara hurreratzen direnek eskualdeko enpresa berrien produktu eta zerbitzuak bertatik bertara ezagutzeko aukera edukiko dutela aurreratu dute antolatzaileek. Izan ere, azokan parte hartuko duten enpresa berri bakoitzak bere erakusmahaia edukiko du. «Ezagutzeaz gain, herritarrek produktuak dastatzeko eta erosteko aukera ere edukiko dute».
Ekintzagaz, eskualdeko ekintzaileen lana saritu eta azaleratu nahi dutela agertu dute bai Azaro Fundazioak eta baita ere Leartibai Garapen Agentziak. Gainera, agertu dutenez, urtetik urtera «gero eta arrakasta handiagoa» dauka. «Gero eta proiektu gehiago aurkezten dira lehiaketara». Halaber, enpresa hasi berrien artean, Ekintzaile Eguna eta Enpresa Berrien Azoka ere ekintzaileen presentzia gehitzeko eta ezagutzera ematen laguntzeko ekimena bihurtu dela diote.
X. Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketako saridunak, iaz, Lekeition.
Sari banaketa. XI. Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketaren sari banaketa 13:30ean egingo dela esan dute. Horretan hiru sari banatuko dituzte: Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresen arteko enpresa proiektu onena (1.500 euroko saria), oinarri teknologiko/berritzailea duten enpresa industrial eta zerbitzuetakoetan proiektu onena (2.000 euro) eta kooperatiba izaera juridikoa duten enpresa proiektu onena (2.000 euro).
Iaz, esaterako, Lekeition egin zen Enpresa Berrien IV. Azoka, ekainean. Eta horretan eskualdeko hamahiru enpresek parte hartu zuten; euren lana ezagutzera emateko gogoz agertu ziren enpresa horietako arduradunak.
Orduan, X. Lea-Artibaiko Enpresa Proiektu Lehiaketaren sariak ondoko enpresek eskuratu zituzten: Kakalamux haur eta nerabeen osasun psikologia orokorra (Oinarri teknologiko berritzailea duten enpresa industrialak eta zerbitzuetakoen saria), Andiko Motor (Merkataritza, ostalaritza, turismo eta zerbitzu enpresentzako saria), eta Elgoibarko Berkoa (Kooperatiba izaera juridikoa duten enpresen saria).