Udal hautetsiek maiatzaren 7ko herri galdeketak babestu dituzte
Lea-Artibai eta Mutrikuko Gure Esku Dago herri dinamikek maiatzaren 7ko galdeketetan parte hartzeko dei zabalak egin dituzte. Alde batetik, diktadura osteko udal hautetsien agerraldiak egin dituzte asteburuan herri guztietan. Horrez gain, mutrikuarrek Debabarreneko herri dinamikekin batera maiatzaren 7ra begirako aurkezpen zabala ere egin zuten zapatuan Eibarren.
Oro har, Lea-Artibaiko 11 herritan burujabe izatearen aldeko aldarria egin zuten udal hautetsiek. «Historikoki, euskal herritarrok behin eta barriro adierazi dugu burujabe izan nahi dugula». Bide beretik, demokrazian, herritarren borondatea zein den jakiteko erarik zuzenena herri galdeketak direla esan zuten, eta maiatzaren 7ko galdeketei «babes osoa» eman zieten.
Bestalde, Debabarreneko Gure Esku Dagok jakitera eman duenez, gutxieneko sinadura bilketa «aise» gainditu dute; eskualde osoan 3513 sinadura lortu behar zituzten, eta 6011 sinadura lortu dituzte.
Halaber, zapatuan Eibarren egindako agerraldian baita ere herriz herri egingo diren galderak aurkeztu zituzten. «Herritarrek baietz, ezetz edo zuriz bozkatu ahal dute, baina parte hartzea zure esku, gure esku dago. Maiatzaren 7an inor ez dadila etxean geratu».
Hitzaldia eta mahai ingurua. Herritarrak parte hartzera animatzeko, martitzenean [apirilak 25], 19:30ean, hitzaldia eskainiko dute Lea Artibai Ikastetxean Garbiñe Biurrunek, Angel Oiarbidek eta Xabier Barandiaranek.
Eguenean [apirilak 27], aldiz, Eibarko Armeria Eskolako areto nagusian mahai ingurua antolatu dute Debabarreneko herri dinamikek. Horretan parte hartuko dute Juan Jose Ibarretxe lehendakariak, Garbiñe Biurrun epaileak eta Mario Zubiaga EHUko irakaslea eta Gure Esku Dagoren kideak.
Independentisten deia. Independentistak Sareak ere agerraldia egin zuen zapatuan Ondarroan. Horretan, maiatzaren 7an euskal estatuaren aldeko botoa emateko eskatu zieten herritarrei.