Lekeitioko Turismo Bulegoak 935 bisitari izan ditu Aste Santuan
Lekeitioko Udalak jakitera eman duenez, joan den urtean baino %20 bisitari gehiago izan ditu, apirilaren 13tik 17ra, Lekeitioko turismo bulegoak, 935 bisitari, hain zuzen. Ostatuen okupazioari dagokionez, lehenengo lau egunetakoa %100ekoa izan dela azaldu dute, eta ondorengo egunetan %80koa gutxi gora-behera. Sektoreak, pasa den urtearekin konparatuz, bisitari gehiago somatu dituela zehaztu dute.
Turisten profilari dagokionez, familiak, bikoteak eta lagunak nagusi izan dira aurten eta euren eskaerak kultur ibilbideak, natur ibilbideak, irlara joateko aukerak, hondartza, gastronomia eta kultur ekitaldiak izan dira besteak beste. “Lekeitioko Santa Katalinako Itsasargiak 117 bisita izan ditu Aste Santuko astean. Eguraldi ona dagoenean turistek nahiago izaten dute kanpoko paisaiaz gozatzea, toki zarratu batean sartu baino”.
Hurbildu diren bisitarien jatorriak aurreko urteetako antzekoak izan dira: Araba, Bizkaia eta Gipuzkoatik %32,73, Espainiar Estatutik %51,76 eta atzerritik %15,51.
Lekeitioko Udalak, turismo “aktiboa, kulturala, anitza eta urte osokoa” bultzatzen jarraitzen duela azpimarratu du. “Dauzkagun inguru paregabeak erakartzen duen turismo eredu klasikoa osotuz eta haratago joanez. Gure ondareari lotuta, gure nortasunaren inguruan eraikia eta ospakizun tradizionalen inguruan oinarritutako turismoa”.