Erik Mendizabalen bosgarrena
Puntista mutrikuarrak bosgarren Hiruko Koroa eskuratu du Danian. Aimar Aldazabal berriatuarra, Txasio markina-xemeindarra eta Leke gernika-lumotarra ere fin ibili dira.Floridako (Ameriketako Estatu Batuak) Dania Jai Alai pilotalekuan jokatutako txapelk...
Puntista mutrikuarrak bosgarren Hiruko Koroa eskuratu du Danian. Aimar Aldazabal berriatuarra, Txasio markina-xemeindarra eta Leke gernika-lumotarra ere fin ibili dira.
Floridako (Ameriketako Estatu Batuak) Dania Jai Alai pilotalekuan jokatutako txapelketetan jaun eta jabe izan da Erik Mendizabal puntista mutrikuarra. Eta lortutako emaitza onei esker, bosgarren Hiruko Koroa bere egin du mutrikuarrak; titulua «erraz» irabazi duela esan dute Daniako arduradunek.Otsailean iragarri zuten Mendizabal denboraldi ona egiten ari zela, eta bosgarrenez sari preziatua eskuratzeko aukera handiak zituela. Eta hala izan da. «Urtez urte, Mendizabal ikaragarrizko emaitzak ari da lortzen».
Jai Alaik bigarren denboraldia itxi du, eta mutrikuarrak hiru txapelketak irabazi ditu: kiniela gehien irabazi (Most Wins), banakako txapelketa (Singles Champion) eta binakako txapelketa (Doubles Championship: Best frontcourt player).
Beste puntisten lorpenak
Mutrikuarra, baina, ez da izan emaitza onak lortu dituen bakarra. Izan ere, Ortzi Goiri Txasio markina-xemeindarrak Atzelari Onenaren saria eskuratu du. «Txasio bere mailarik onenera ailegatu da denboraldi honetan, eta horregatik lortu du saria». Bide beretik, azken hilabeteetan Aimar Aldazabal berriatuarrak ere bere jokorik onena erakutsi duela azpimarratu dute Jai Alaiko arduradunek.
Eta kiniela gehien irabazi dituztenen artean bigarren geratu da Unai Lekerikabeaskoa Leke gernikarra.
Azken denboraldia
Dania Jai Alaik hiru denboraldi egiten ditu urtean: taldekakoa, puntistek bakarka lehiatzen dutena eta finala. «Taldekako Denboraldian Team Hollywood izan zen onena, baina bakarka Mendizabal izan da nagusi».
Bigarren denboraldia amaitu ostean, puntisten oporraldia amaitu eta segidan finaleko denboraldia hasiko dela iragarri dute Daniako arduradunek.