Lekitto Bedarrak Usotegi parkean auzolana egiteko beste hitzordu bat jarri du zapaturako [apirilak 29]. Aurreratu dutenez, eskailerak konpondu eta ortuan mantentze lanak egingo dituzte.
Zakari herriko igeltseroaren laguntzagaz, joan den asteko zapatuan Abaroa eta Atabaka taldeekin hasitako lanak amaituko dituzte bihar. «Joan den astean herriko hiru taldeok elkarlanean egin genuen auzolanean Josefa Villareal de Berrisek 1799. urtean parkean ipinitako eskailerak mantentzeko lanak egin genituen. Eta aurrerapen handia egin bagenuen ere, oraingoan lan hori bukatzea nahiko genuke», azaldu dute Lekitto Bedarreko kideek.
Agertu dutenez, eskaileretako maila batzuk egoera txarrean daude, eta horiek maila egokian ipini eta leheneratu egin nahi dituzte.
Herritarrak, joan den astean egindako auzolean parte hartzen. Argazkia: Lekitto Bedarra
Auzotarren jarrera ona. Bestalde, auzotarrek konposta egiteko jarritako bi ontziak beteta daudela jakitera eman dute. «Auzotarrek erakutsi duten konpromiso eta jarrera txalotu nahi ditugu. Izan ere, urtebete inguruan militantzi handia erakutsi digute».
Konposta egiteko bi ontziak beteta daudenez, udalari hirugarren bat jartzeko eskaera ere egin diotela esan dute. «Jeserleku berriak ipintzeko eskaera ere egin diogu udalari, inguruari bizia eta erabilpena emateko».
Bide beretik, parkeko ortuan oraindik sei lerro libre daudela esan dute. «Nahi duten herritarrek horiek erabili ahal dituzte; guregana hurreratu baino besterik ez daukate».