Aldundiak milioi bateko diru laguntza emango dio Ondarroako Udalari Kamiñaldeko emergentziazko lanak amaitzeko
Bizkaiko Foru Aldundiak gaur [maiatzak 5] esan dio Ondarroako Udalari aurten milioi bateko laguntza emango diola Kamiñaldeko mendi hegaleko emergentziazko lanak amaitzeko. Dena dela, 2018an beste bi milioi euro bideratuko dizkio aldundiak udalari. Baina bi milioi horiek udalak datozen urteetan itzuli beharko dizkio. “Bi milioi maileguan emango ditugu, interesik barik”. HITZAk jakin ahal izan duenez, bi milioi horiek 10 urtean itzuli beharko dizkio udalak aldundiari.
Maileguan emandako bi milioiak albo batera lagata, aldundiak 2,5 milioi eman ditu Kamiñaldeko lanak konpontzeko: 500.000 euro lur jausia gertatu zenean eta milioi bateko laguntza 2016 urte amaieran (emergentzia egoera ezarri zenean).
Ekarpen hau eginda, aldundiak dio Ondarroako Udalarekiko eta kaltetutako herritarrenganako duen konpromisoa berresten duela. “Kaltetuak ahalik eta azkarren euren etxebizitzetara itzultzea nahi dugu”.
Jaurlaritzaren erantzunaren zain. Ondarroako Udalak esker onez hartu du Bizkaiko Foru Aldundiak lanak ordaintzeko egindako ekarpena. Dena dela, Kamiñaldeko auziari buruzko eta zehazki laguntzen inguruko balorazio ekonomiko orokorra egiteko Eusko Jaurlaritzak agindutako erantzunaren zain garraitzen dutela gaineratu dute.
Orain arteko diru ekarpenak. Momentuz, lur jausiak eragindako kalteak konpontzeko diru ekarpena egin dutenak ondokoak izan dira: Ondarroako Udala (3,5 milioi), Bizkaiko Foru Aldundia (2,5 milioi+2 milioiko mailegua), Espainiako Gobernua (2,15 milioi) eta Eusko Jaurlaritza (2 milioi). Lanen kostua 17 milioi eurokoa da.