Antton de la Lama Mutrikuko Goizeko Izarra ikastolako zuzendaritzak argi esan du: “Espainian LOMCEk aurrera egiten ez badu ere, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza Sailak Heziberri programa dauka, eta horrek LOMCEtik eratorritako 3. eta 6. mailetako azterketak jasotzen ditu;
Hezkuntzatik eskatu digute azterketa horiek egiteko. Horren aurrean argi diogu, Hezkunza Sailak eskatzen duenari planto egingo diogula”. Planto egiteko erabakia ikastolako guraso eta irakasleen gehiengoak babestuta dagoela argitu dute. “Bide horretatik aurrera egiten badute,
aurrean topatuko gaituzte“.
Hartutako erabakia publikoki zabaltzeko eta aipatu azterketen aurka egiteko, gaur [maiatzak 5] argazkia atera dute.
Azterketak egiteko eskaeraren aurrean, martitzenean bilera eduki zuten ikastolan. Horretan, guraso bakoitzari azterketak egiteko baimena ematen zuten edo ez esateko orriak bidaltzea adostu zuten. Eta gehiengoa azterketak ez egitearen alde agertu da.
Azaldu dutenez, Mutrikun Guk geure hezkuntza plataforma daukate. “Ikastolarekin elkarlanean, plataformak legeak eskatzen duenaren inguruko azalpenak emateko hitzaldi antolatu zuen. Eta horretan parte hartu zuen baita ere Sortzen Ikasbatuakeko kide batek”. Hitzaldi hori “gakoa” izan zela esan dute, eta gainerako ikastetxeak ere azterketei planto egitera animatu nahi izan dituzte.
Zergatik egiten dute azterketen aurka?
- “Proba horiek ez dira diagnostikorako edo hezkuntza kalitatea hobetzeko probak; ikasleei, haien eskola-ibilbidean marka bat jartzeko balio dute.”
- “Lehen hezkuntzako ikasleek 3. eta 6. mailako proba horiez gain, 4. mailan (zikloaren bukaeran) badute ebaluazio diagnostikoa. Beraz, 8 eta 12 urte bitartean, 4 urtean ikasturtearen bukaerako hiru proba desberdin edukiko lukete. Zertarako?”
- “Azterketa horien eraginez, ikasgelak proba horiek gainditzeko akademia bihurtzen dira. Irakasleek ikasleak entrenatu behar dituzte, eta garrantzitsuena izan beharko litzatekeen ikastetxeko proiektu pedagogikoa alboratuta geratzen da”
- “Oztopo lasterketa horren aurrean, Heziberrik teorian aldarrikatzen duen ebaluazio jarraiaren sena galdu egiten da guztiz. Emaitzak balioesten dira bakarrik, aniztasuna ez da kontuan hartzen eta ikasketa prozesuari garrantzia osoa kentzen zaio”.