Lekeitioko udal gobernua DBE %8 igotzearen aurka agertu dela salatu du EH Bilduk
Ezbairik gabe, DBE finkatzea eta sendotzea helburu kolektiboa dela azpimarratu du Lekeitioko EH Bilduk. “DBE prestazioa funtsezko elementua da pertsona ororen duintasuna eta erabakitzeko gaitasuna babesteko. Gabeziak dituen arren, Babeserako Euskal Esparruan mugarria den errenta hori politika publikoen helbururik nagusiena den gizartearen kohesioa indartzeko eta gero eta nabarmenagoak diren ezberdintasun sozialak leuntzeko tresna indartsua da, azken urte hauetan egin diren ikerketa guztiek frogatzen duten bezala”, esan dute.
PPk buru duen Espainiako Gobernuan, berriki, oraindik euskal administrazioen eskuduntzen artean ez dagoen Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren igoera hitzartu dela gogora ekarri du EH Bilduk; zehazki, %8. Hori dela eta, Lekeitioko EH Bilduk ere %8ko igoera eskatu du, legearen arabera, DBEren igoera kalkulatzeko ere, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren igoera oinarritzat hartzen delako. “Legeak dioena bete eta beharrizan gehien dutenen diru sarrerak bermatzea exijitu dugu, arlo soziala bultzatu eta gizarte ongizate justuago baten alde. Beraz, Lanbide Arteko Gutxieneko Soldata %8 igo baldin bada DBE ere %8 igo beharko litzateke”.