Mutrikuko etxebizitzetan lapurretak egiten ari direla ohartarazi dute
Azkenaldian Mutrikuko etxebizitza batzuetan lapurretan egin dutela eta, Ertzaintzak oharra helarazi dio Mutrikuko Udalari; herritarrei eskatu diete eraikinetan bizi ez direnak bueltaka ikusten badituzte Eibarko ertzain etxera deitzeko (943-53 17 00). Udaltzaingoak HITZAri jakinarazi dio oharra herriko atari guztietan jarriko dutela (horretan ari dira).
Aipatu dutenez, herritar guztien kolaborazioa “ezinbestekoa” da delitu horiek saihesteko. Eta herritarrie gomendioa luzatu diete: “Etxebizitzako atea giltzari bi buelta emanda itxi behar da, etxe barruan jendea badago ere bai”.
Telefono deia. Beste alde batetik, herritarrek sare sozialetan zabaldu dutenaren arabera, ustezko lapurrak telefonoz deitzen ari dira etxebizitzetara. Dei horietan ur kontsumoaren inguruko inkesta bati erantzuteko eskatzen diete bizilagunei, eta ostean, hori egiteagatik opari bat emango dietela esaten diete. Oparia hartzeko baina, etxean noiz egoten diren edota eurentzako oparia jasotzeko ordu egokia zein den galdetzen diete.
Momentuz, hainbat mutrikuarrek dei hori jaso dutela salatu dute, eta gainerako herritarrak ohartarazi dituzte.