Maiatzaren 20an, lehenengo aldiz, BTT jaitsiera (DH) bat jokatuko da Lea-Artibai eskualdean. Akarregin hasiko da ikuskizuna; tontorretik Etxebarrirainoko jaitsiera egingo dute banan-banan partaideek, erlojuaren kontra, eta ikuskizuna ziurtatuta dagoela azpimarratu dute antolatzaileek.
Lea-Artibaiko mendi bizikleta zaleak dabiltza prestaketan, Traparaganeko Behetik Behera eta Amets Txurruka Lagunartie elkarteen laguntzagaz. Jaitsiera, gainera,
Euskadiko BTT-DH Openerako puntuagarria izango da eta punta-puntako txirrindulariak batuko ditu.
Bi jaitsiera egin beharko dituzte txirrindulariek, antolatzaileek zehaztuko duten ibilbidean zehar. Guztira, 2.060 metro izango dira, 370 metroko maldan behera.
Mendi bizikleta jaitsiera. Argazkia: Itxaso Garcia Urien
15:00etan ekingo dio lehenengo jaitsierari lehen parte hartzaileak, eta lehen jaitsiera horretan lortutako denboren arabera irtengo dira bigarrenean. Bigarren jaitsiera izango da erabakiorra bertan lortzen diren emaitzek erabakiko dute-eta sailkapena.
Bigarren jaitsiera 17:00etan hasiko dute parte hartzaileek . Goizean, bestalde, ibilbidea ezagutzeko aukera edukiko dute partaideek. 09:00etan hasi eta 13:00ak arte luzatuko dira entrenamenduak.
Zazpi kategoria. Txirrindulariak 30 segundoko aldeagaz aterako dira maldan behera. Kategorien arteko tartea, berriz, 3 minutukoa izango da. Guztira zazpi lasterketa izango ditu probak. Horrela, nesken lasterketa eta gizonezkoen master 40, master 30, kadete, junior eta elite mailako lasterketak egongo dira.
Jaitsieran parte hartu nahi dutenek bertan egunean eman behar dute izena Etxebarrian jarriko duten mahaian, 08:30etik 12:00etara. Parte hartzeko, hori bai, nahitanahiezkoa dela federatuta egotea azpimarratu dute antolatzaileek. «Horrez gain, txirrindulariek segurtasun neurriak bete behar dituzte, kasko integrala, belaun-babesak eta petoa besteak beste».
Azpiegiturei dagokienez, txirrindulariek, helmugatik irteerara joateko, erremonteak edukiko dituztela jakitera eman dute antolatzaileek. Erremonteak entrenamentuetan zein lasterketako jaitsiera bietan egongo dira martxan. Beste alde batetik, hornidura guneak ere eskainiko dituzte.
Bosteko podiuma. Txirrindularitzako diziplina zailenetakoak dira jaitsierak, baina bai eta ikusgarrienak ere publikoarentzako. Jauziak eta era guztietako oztopoak gainditu behar izaten dituzte parte hartzaileek zirkuituan zehar, eta ahal bait arinen ailegatu behar dira helmugara.
Herrialde Katalanetako DH2 Tandem bikoa jaitsiera batean. Argazkia: Jordi Prat
Bilboaldean eta Busturian ere egin dira horrelako probak, eta Lea-Artibaiko mendi bizikleta zaleek eskualdera ekarri nahi izan dute eurei ikaragarri gustatzen zaien kirola, hemen ere ezagutzera emateko. Mendi jaitsierak berez dakarten ikuskizun hori osatzeko, gainera,
karpa bat jarriko dute Etxebarriko plazan bizikleta erakusketa bategaz. Horrez gain, tandem jaitsierak egiten dituen Herrialde Katalanetako
DH2 Tandem bikoa gonbidatu dute jaitsierara, eta eurak izango dira lasterketa zabalduko dutenak.
Sari banaketa ere berezia izango da. Hiru barik, bost txirrindulari igoko dira podiumera. Beraz, bost sari emango dituzte kategoria bakoitzean. «Lehenengo hirurentzat garaikurrak egongo dira eta beste bientzat sariak. Mailotak ere banatuko ditu federakuntzak openaren sailkapenaren arabera», zehaztu dute.
Open txapelketako
bigarren jaitsiera izango da Etxebarrikoa. Igantziko BTT jaitsieragaz hasi zen zirkuitua maiatzaren lehen asteburuan, eta guztira, zortzi jaitsiera izango dituzte txirrindulariek zirkuitua osatzeko. Punta-puntako parte hartzaileak hartuko ditu, beraz, probak. Beste batzuen artean,
Iraitz Etxebarria mungiarra bi bidar Espainiako txapeldun, hiru bidar azpitxapeldun eta hainbat aldiz Euskadiko txapeldun izan dena eta
Iban Blanco Fernandez 2014an Espainiako Txapeldun izan zena aitatu dituzte antolatzaileek.