Bere bizitzako “etapa garrantzitsu eta eder bati” amaiera eman dio Etxebarriko txirrindulariak, berri bati txanda emateko. Sare sozialen bidez agurtu da gaur [maiatzak 12], bere ibilbide profesionalean alboan izan dituen guztiei eskerrak emanez.
Mailarik gorenari eusteko bere aldetik zuen guztia eman duela adierazi du Txurrukak, baina arazoren bat edo beste tarteko, zalantza ugari sortu zaizkio. Hori dela eta, denbora tarte bat hartu eta luze hausnartu ondoren, bizitzan
beste etapa bat hasteko erabakia hartu du. “Kirol profesionala alde batera utzi eta beste bide barri batzuk irekitzeko garaia iritsi dela erabaki dut. Kirolaz beste modu batera gozatzekoa, alegia. Txirrindulari eta zaletu izateari inoiz ez diodala utziko uste baitut”.
2006an eman zuen txirrindulari profesionaletara jauzia Amets Txurrukak. Umetatik amestu zuena egia bihurtu, eta ordura arte afizio izandakoa ofizio izatera pasatu zela adierazi du txirrindulariak. “Bizitzako ametsetako bat gauzatuta, konforme nengoen eta neurekiko esaten nuen egunen batean seme-alabarik baldin badut, harro kontatuko diot txirrindulari profesional izatera iritsi nintzela”.
Amets Txurruka: “Txirrindularitzak bizitzeko modu bat, betirako barneratu ditudan balore on asko, pertsona ahaztezin ugari eta baita munduko txoko eder asko ikusteko aukera ere eman dizkit”
Barloworld (2006), Euskaltel-Euskadi (2007-2012), Caja Rural-Seguros RGA (2013-2015) eta Orica-BikeExchange (2016) taldeetan egin du lan, eta ibilbide luze honetan gozatzeko uneak asko izan baditu ere, zoritxarrez une zailak ere sarri tartekatu direla dio. “Ezer larririk ez, baina, egiari zor, behin eta berriro oztopoak gainditu eta aurrera egiteko borrokatu behar izanak arrastoa utzi dit”.
Amets Txurruka Asturiasko itzulian parte hartzen. Argazkia: Luisma Murias
Nahiz eta bidea erraza izan ez, txirrindularitzak kendu baino eman egin diola azpimarratu du Txurrukak: “Besteak beste, bizitzeko modu bat, betirako barneratu ditudan balore on asko, pertsona ahaztezin ugari eta baita munduko txoko eder asko ikusteko aukera ere. Horrez gain, lasterketarik onenetan egoteko aukera izan dut eta banakaren bat irabaztekoa ere bai. Gainera, txirrindulari baten ametsik ederrenean bezala, Parisko Camps Elyseesen jendetza handiaren txalo artean hunkitzeko zortea ere izan dut”.
Bizikleta gainean zein bizikletatik jaitsita ondoan izan dituen guztiei
eskerrak eman dizkie, txirrindularitza elkarte, zuzendari, mekanikari, masaje emaile, eta zelan ez lagun eta etxekoei. “Lan honen eguneroko gogortasuna gozamen bilakatu baitidazue”.
Eta bereziki eskerrak eman nahi izan dizkie
zaleei, “klase handirik gabeko txirrindularia izan arren, handienen pareko sentiarazi nauzuelako. Garaipenek poza ematen dute, baina estimatua sentitzea ere garaipen ederra da”.
Hona hemen Amets Txurrukaren gutuna, hitzez hitz:
Eskerrik asko bihotz-bihotzez