Euren jabetzetatik kanpo hamalau hilabete daramatzatela salatzeko elkarretaratzea egin dute gaur [maiatzak 13] goizean, Ondarroako San Ignazio kaleko lurren, etxeen eta lokalen jabeek. Antxoa Eguneko turrunagaz batera ekin diote salaketari. Kalekutzeko eskailera guztiak eta alboak ere bete dituzte zapi gorria soinean, elkartu diren kaltetu eta eureri babesa ematera hurreratu diren herritarrek.
San Ignazioko kaltetuak Kalekutzeko eskaileratan.
Saiñazio Mendi Azpixan gestorako kideek gogora ekarri dute Ondarroako Udalak eta kaltetuek mendia eutsi eta denak etxeetara segurtasun maila onargarri batean sartzeko 5 milioi eskatu zizkietela erakundeei. “5 milioi horretatik, Eusko Jaurlaritzak, lehen emandakoagaz gain, milioi bat eta 200 mila euro eman ditu, Bizkaiko Foru Aldundiak beste milioi bat, eta urtarrilean interesik gabeko bi milioiko kreditua emango diola agindu dio udalari, kreditua, azken finean”, esan dute.
Momentu honetan udala diru horiekin zer ordaindu erabakitzen ari dela uste dute gestorakoek. “Hemendik aurrera guzti hau zelan bideratu pentsatzen, kalkuluak egiten, zenbakiak egiten eta planak egiten”.
Kalekutzeko eskailera guztiak eta alboak ere bete dituzte herritarrek, San Ignazio kalekoei babesa emateko.
Kaltetuek, hurrengo hamabost hilabete orduko, behintzat, noiz bueltatuko diren, zenbat bueltatuko diren eta zelan bueltatuko diren jakin nahi dutela nabarmendu dute. Izan ere, lehenengo egunean hutsitu zuten bloke guztiko denak daude kalean, oraindik; guztira 84 familia. 2016ko uztailaren amaieran itzuli ziren aurreko etxeetakoak, eta urrian joan ziren alboko atarietako batzuk. Baina, oraindik kalean dauden 84 familia horiek sartu orduko, eraikina zelan dagoen aztertu beharko dutela uste dute gestorakoek, eta ez dituzte gauzak argi. “Gauzak oso astiro doaz”, azpimarratu dute.